Ur azpiko hockey txapelketa izango da larunbatean

Erredakzioa 2019ko api. 25a, 10:30
Neska eta mutilez osatutako taldea du Nereidak. / Nereida

Nereida Hockey Sub taldearen eskutik, egun osoko txapelketa izango da Lakuan.

San Prudentzio jaiekin batera, hitzordu berezia izaten da Gasteizen. Lakua-Sansomendiko gizarte etxeko igerilekuan, larunbatean, hilaren 27an, VI. Ur Azpiko Hockey Txapelketa jokatuko dute. Nereida Hockey talde gasteiztarrak antolatuta, 12:00etatik 21:00etara, estatuko eta Frantziako taldeek parte hartuko dute.

1950. hamarkadan eman zen ezagutzera ur azpiko hockeya, Ingalaterran, eta gaur egun hainbat herrialdetan da ezagun. Kirol honek 1,3 kiloko berunezko diskoa aurkariaren atean ahalik eta gehienetan sartzea du helburu; horretarako, 25 zentimetro inguruko stick baten laguntza dute jokalariek. Jokatzen duten bitartean, arnasa mantendu behar dute jokalariek, urpeko betaurrekoak, tutua eta hegatsak bakarrik erabili daitezkeelako.

Nereida Hockey Sub taldea izen bereko urpekaritza taldearen parte da. Euskal Herriko ur azpiko hockeyeko talde bakarra da, bai eta estatu osoko gutxietako bat. Adin guztietako jendeak parte hartzen du bertan: adin txikikoetatik 50 urtetik gorakoetara, neskak zein mutilak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide