Ertzaintzak 34 urteko gizon bat atxilotu du gauerdian Gasteizen, bikotekideari eraso egiteagatik. Genero indarkeria delitua leporatuta, epailearen aurrean utzi dute. Biktima Santiagoko ospitalera eraman behar izan dute, zauriak sendatzeko.
24:00ak aldera izan du Ertzaintzak erasoaren berri. Koroatze auzoan, emakume bat leihotik garrasika hasi da, bikotekidea kolpatzen ari zela esanez. Poliziak etxebizitzara gerturatu dira, eta biktimaren pisukide batek ireki die atea. Emakumeak lepoaldean zauriak zituela ikusi dute ertzainek; arnasteko arazoak zituen eta nekez mugi zitekeen.
Biktimak salatu duenez, gizonak besoetatik eta lepotik indarrez heldu dio, baina emakumeak lortu du leihora hurbiltzea eta bertatik laguntza eskatu du.
Igandean, beste eraso bat
Halaber, Gasteizko Udaltzaingoak 27 urteko gizon bat atxilotu zuen igande gauean, bikotekide ohia bere bi seme txikien aurrean kolpatzeagatik. Emakumeak komisaldegian salatu zuen erasoa, eta poliziek gizona atxilotu zuten genero indarkeria delitua leporatuta.
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.