Arabarren kooperatibak kudeatuko du Lakuako zaharren egoitza berria

Erredakzioa 2019ko api. 23a, 09:41

Lakuako zahar egoitzaren proiektua. AFA

Egoitzak ehun toki izango ditu adinekoentzako, hogeita bost ezindu fisiko larrientzako, eta beste hogeita bost toki zaharren eguneko zentroan.

Mondragon korporazioko Arabarren gizarte ekimeneko kooperatibari esleitu dizkio Arabako Foru Aldundiak Arabarren egoitzaren proiektua idazteko, eraikuntza lanak gauzatzeko eta zentroa ustiatzeko lanak. Kooperatibak egoitza eraikiko den lurzatiaren azalera eskubidea izango du 42 urtez. Epe hori igarota, eraikina eta instalazioak Aldundiaren esku geldituko dira. Obrak bi urte iraungo dutela aurreikusi du Aldundiak, eta horrenbestez, Lakua auzoko egoitza berria  2021. urterako zabalik izango dela aurreikusi dute.

Egoitza berriak ehun toki izango ditu adinekoentzako, hogeita bost ezindu fisiko larrientzako, batzuk zein besteak egoitza izaerakoak, eta beste hogeita bost toki adinekoentzako, eguneko zentroan. Arabarren egoitzan adinekoentzako gelen %75 banakakoak izango dira, baita ezintasun fisiko larriren bat dutenentzako gela guztiak ere. Eraikin bakarra izango da, behe solairua gehi bi solairu izango dituena, eta 2.400 metro koadroko berdegunea ere egingo da. Behe solairua hiru ekipamendu horien arabera bereizita egongo da, eta guztientzako eremuak ere egongo dira. Lehen eta bigarren solairuetan adinekoentzako egoitza egongo da.

Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak kudeatuko du egoitzaren tokien banaketa; eta, ondorioz, erabiltzaileek GOFEri ordainduko diote prezio publikoa. 

Aurreneko aldia da horrelako kudeaketa eredua ezartzen dela Araban, alegia gizarte ekimena helburu duen irabazteko xederik gabeko kooperatiba eredu batean oinarrituta.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago