Udalak eta EHUk master bat sustatuko dute 'enpresa 4.0' arloan

Erredakzioa 2019ko api. 16a, 09:33
Gorka Urtaran eta Jon Barrutia, aurkezpenean. EHU

Berezko titulua da, Araban ezaugarri hauekin irakasten den lehendabizikoa. Ekonomia eta Enpresa Fakultatearen Gasteizko egoitzan irakatsiko da

Gasteizko Udalak eta EHUko Ekonomia eta Enpresak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute, 2018/19 ikasturtean Digital Management & ERP: Gestión de la Empresa 4.0 masterra izeneko berezko tituluari dagokion prestakuntza programa garatzeko. Hala, Araban ekonomiaren eta enpresaren alorrean eskaintzen den lehen graduondoko titulua da. Gasteizko Udaleko Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren Sailak 15.000 euro zuzenduko ditu 2019ko ekitaldian titulu horri dagozkion gastuak finantzatzen laguntzeko.

Azken bi urteetan 4.0 eremuko titulazio berriak sortu dira Gasteizen unibertsitatearen, Lanbide Heziketako ikastetxeen eta prestakuntzaren alorreko beste eragile batzuen eskutik. "Hau beste aurrerapauso bat da bide horretan”, adierazi du Gorka Urtaran alkateak.

Moduluko egitura

Hainbat alorretako titulatu berriei (Enpresa Kudeaketa eta Zuzendaritza, Ekonomia, Marketina, ingeniaritzak, Informatika, Negozio Kudeaketa, Enpresa Zientzietako Diploma...) eta enpresa-kudeaketaren alorreko profesionalei zuzentzen zaie masterra. Moduluko egitura malgua du. Bi ikastaro berezituk osatzen dute, bakoitza 300 ordukoa edo bi ikasturtetan egin daitezkeenak: Enpresaren kudeaketa digitala ikastaroa, eta Enpresa kudeaketarako sistemak-ERP ikastaroa. Ikasleek bi modutara egin dezakete matrikula:  ikastaroetako edozeinetan izena eman eta EHUko Espezializazioa berezko titulua lortu, edo bi ikastaroak egin, urte berean edo urte ezberdinetan, eta Master titulua lortu.

Jon Barrutiaren iritziz, "masterrak aukera ematen du gaitasun profesionalak garatzeko osagarri digitala oinarri duen eremu ekonomiko eta sozial berri batean jarduteko. Berritzailea eta zeharkakoa denez, ibilbide profesional sendo baterako bidea izan daiteke, eta 4.0 enpresarekin lotutako profil profesional ugari betetzen ditu. Hainbat alorretako prestakuntza eskaintzen du, hala nola negozio digitalen modelizazioa, agile metodologiak, marketin digitala (SEO, SEM, datuen analisia), ERP, informazioaren teknologiak... Horretaz gain, enpresetan borondatezko praktikak egiteko programa eskaintzen du, eta lan-poltsa".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide