Itzuliaren laugarren etapa jokatuko dute gaur txirrindulariek, eta Gasteiz eta Arrigorriaga (Bizkaia) arteko 164 kilometroak bete beharko dituzte.
Atzoko Sarriguren eta Estibalizko etapako azken hogei kilometroak oso azkarrak izan ziren eta Sky, Deceuninck Quick Step eta Bora-HansGrohe taldeek egindako lanari esker tropelak ihesaldia harrapatu zuen, helmugatik bost kilometrotara. Abiadura oso azkarra zeraman tropelean eroriko handia egon zen, eta bertan Alaphilippe, Kwiatkowski, Geraint Thomas, Castroviejo, Adam Hansen eta Enric Mas txirrindulariak mindu ziren. Izan ere, Julian Alaphilippek (Deceuninck-Quick Step) Itzulia utzi du, erorikoan izandako lesioengatik.
Atzoko sprinta saihesteko eraso ugari eman ziren azken kilometroan, baina azkenean sailkapen nagusiko liderra den Schachmannek irabazi zuen etapa. Schachmannek berak adierazi du azken bi egunetan ondo sentitu dela, "baina badakit hemen munduko mendi-igotzaile onenak daudela eta ez dela erraza izango maillot horia mantentzea. Hala ere, talde oso indartsua gara eta maillota mantentzeagatik borrokatuko dugu".