Euskal arte eszenikoek hitzordua dute asteburu honetan Gasteizko Baratza aretoan. Beste urte batez, Zurrunbilo jaialdiak antzerkizale eta profesionalak bilduko ditu Aldabe plazako taularen inguruan.
Haurrentzako antzezlan batekin hasiko da jaialdia, ostiralean, 19:00etan. Benetan Be taldearen Inondik Inora lanak emango dio hasiera antzerki sortari; umorea eta poesia, musika zuzenean eta panpinak uztartuz, jakin-mina eta desobedientzia sustatzen dituen haurrentzako antzezlana.
Larunbatean, berriz, 20:00etan, Kamikaz Kol. & Ttak Teatroak Agur eta Dolore obra taularatu du; Miren Gaztañaga eta Iraia Elias taula gainean izango dituen obra. Eta Doos Kol-Eva Guerrero taldearen Gorpuztu pieza aurkeztuko dute ondoren.
Igandean, Axut Artedramak Zazpi senideko obra ikusi ahal izango da, 19:00etatik aurrera. Bi aktore, bi anaia eta zazpi istorio taula gainean.
Profesionalen topaketa
Antzerkizaleentzako eskaintzarekin batera, profesionalentzako jardunaldiak ere izango dira larunbatean, Atx taldearekin elkarlanean. 16:00etatik aurrera, besteak beste, Ekin eta joka liburu kolektiboa aurkeztuko du Ehaze taldeak, eta mahai-ingurua izango da Amaia Alvarez, Idoia Gereñu, Amancay Gaztañaga, Bapatean Zirko, Oier Guillan eta Iñaki Ziarrustarekin.