Euskaraz Bizik agur ezin hobea antolatu du

Mirian Biteri 2019ko api. 11a, 10:11

Egilea: Euskaraz Bizi.

Elkarte gasteiztarrak korrika egiten etengo du bere ibilbide luzea; Florida kalean kilometro bat partekatuko du Ikasbidea ikastolarekin. Jarraian, bazkaltzera joango dira Landatxo kiroldegira.

Urte askoan familiei zuzendutako euskarazko hamaika ekimen antolatu ostean, jarduera behin-betiko etetera doa Euskaraz Bizi elkartea. Baina, isilean joan beharrean, agurra modu berezian egitea erabaki dute: hain justu ere, igandean, hilak 14, kilometro erdia erosiz eta korrika eginez agurtuko dira.

Toki Eder ikastolaren inguruan sortu zuen gurasoen talde batek Euskararako elkartea, 80. hamarkadan; tartean, Jesus Salsamendi zegoen. Gogoratu du izen ofiziala Euskararako baldin bazen ere, Euskaraz Bizi deitu izan diotela beti. Umeei zuzendutako askotariko ekimenak antolatzeari ekin zioten. Batzuk ikasturtean zehar egiten ziren, hala nola, kirol jarduera ezberdinak, eskulanak, euskal dantzak, txistua edo soinua; eta beste batzuk, berriz, uda partera begirakoak ziren; udalekuak, esaterako. Baina, guztiek zuten zerbait komunean: euskara.  

Ekintza horiek guztiak antolatzeaz gain, garai batean, Euskal Herriko beste ikastola batzuekin batera talde bat osatu zuten; zehazki, Tolosako Laskorain eta Iruñako Paz Ziganda eta Lizarrako Lizarra ikastolarekin. Horrekin lotuta, honakoa azaldu du Salsamendik: "Jose Luis Gorostidiri esker sortu zen hori, garai hartan Paz Ziganda ikastolako zuzendaria zena".

Postontziak mendietan

Gogoan du sasoi hartan Euskal Herrian zehar sakabanatuta dauden mendietara txangoak egiten eta gailurrean postontziak jartzen hasi zirela: "Postontzi horiek Argitxo bat zuten osagarri moduan. Urtero irteera antolatzen zuen ikastolak mendia aukeratzen zuen, postontzia egiten zuen eta festa prestatzen zuen. Dozena bat baino gehiago jarri genituen", azpimarratu du. Bestalde, Gasteizko jaietan, hainbat urtez, Luis Heintz kalean jarritako txosnarekin ere oroitu da Salsamendi.

Urteek aurrera egin ahala, baina, seme-alabak handitzen joan ziren, eta apurka jarduerak antolatzeari utzi zioten; gaur egun, elkarteko mendi sailak baino ez du funtzionatzen eta horrek jarraitu egingo du. Hori horrela, elkartearen kontu korrontean oraindik ere duten diruarekin aurtengo korrikaren kilometro erdia erostea erabaki dute: 2517A egingo dute, Florida kalean. Jarraian, Landatxo kiroldegian izango den herri bazkarira joango dira guztiak. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago