Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan bukatuko da 21. Korrikaren 2.500 kilometroko ibilbidea, hilaren 14an. Arabako hiriburu osoa zeharkatu ondoren, Dato kaletik sartuko da karabana koloretsua plazan. Amaiera ekitaldia bertan izango da; eta segidan, bertaratutakoei helduko zaie festarako tenorea. Amaiera ekitaldia Andre Maria Zuriaren plazako balkoian izango da. Lekukoa 12:30erako helduko dela aurreikusita dago. Momentu horretan, lekukoaren barruan doan mezu sekretuaren idazlea nor den jakingo da, eta noski, mezuaren beraren edukia ere.
Bestalde, azken eguneko arduradunak, Ilune Basterrak, azaldu du Gasteizko jairako “dena prest dagoela”, eta egun osoa iraungo duela. Festa “handi bezain berritzailea” prestatu dute auzolanean, eta elkarlanean aritu den Gasteizeko antolaketa taldeak: erdigunean sakabanatuta, publiko desberdinei begirakoa, egitarauan gasteiztar eta arabarren parte hartzea lehenetsia, emakumeen parte hartzea bermatua, eta abar.