Salatu dute migratzaileak eta aterpe bila dabiltzanak identifikatzen ari dela Udaltzaingoa

Erredakzioa 2019ko api. 8a, 10:17
Udaltzainek migratzaileekiko duten jarrera salatu dute. ALEA

Ongi Etorri Errefuxiatuak Araba elkarteak ohartarazi du "legez kanpokoak" direla identifikazioak.

Gasteizko Udaltzaingoak migratzaileak eta hirian aterpe bila dabiltzan pertsonak "legez kanpo" identifikatzen ari dela eta "sarekada arrazista" egiten ari dela salatu du Ongi Etorri Errefuxiatuak Araba elkarteak. Gainera, pertsona horiek identifikatzeari uko egiten baldin badiote, Espainiako Poliziaren eskuetan uzten dituztela esan du errefuxiatuen babeserako elkarteak. Batik bat, Errota eta Koroatze auzoetan atzeman dituzte migratzaileen identifikazioak.

Gasteizko Udala erakusten ari den "pasibotasuna" salatu du Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeak: "Gasteizko Udalak udaltzainei utzi egiten die hala jokatzen edo, behintzat, ez ditu beharrezko neurriak hartzen halakorik egin ez dezaten". Halaber, nabarmendu dute orain dela urte batzuk Gasteizko Sindikoak berak egoera horren berri eman zuela eta adierazi zuela Udaltzaingoaren jokaera zuzenbidearen kontrakoa dela. "Gauza bat da delituren batean parte hartzearen susmoagatik identifikatzea, eta beste bat, oso bestelakoa, jatorriagatik eskatzea identifikazioa, hau da, arrazoi arrazista huts bategatik".

Horrenbestez, Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteak Sindikoari eta Arartekoari jokaera "larri" horren berri eman diote, egin beharreko txostenak egin ditzaten. Era berean, exijitu dute udaltzainek "identifikazio arrazista eta legez kontrako gehiago ez egiteko".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide