"Zaila izan da erabakia hartzea, eta hartu dugu, ezin izan delako behar bezalako testuingururik lortu beste edizio bat abian jartzeko, hau da, behar bezalako baldintzetan eta behar den egonkortasunarekin", azaldu dute gutun batean inTacto-ko antolatzaileek, arte eszenikoen jaialdia aurten bertan behera geratuko dela iragartzeko. Jaialdiaren inguruko gogoeta bat hasiko dutela jakinarazi dute, etorkizunean segitu behar ote duen eta nola erabakitzeko.
Gasteizen arte bizien eta arte eszeniko garaikideen agertoki berri bat sortzeko asmoarekin sortu zuten inTacto jaialdia 2011. urtean; artista talde batek, aurrekontu eta baliabide gutxirekin. "Orduan pentsatzen genuen, eta egun ere berdin pentsatzen dugu, Gasteizko artistek eta publikoak merezi dutela, eta gainera, urteen joan-etorrian ikusi dugun bezalaxe, eskaria ere badagoela". Bederatzi urte joan dira ordutik, eta jaialdia hazia eta gero sendoagoa bada ere, "agindutako sostengua" ez dutela jaso nabarmendu dute antolatzaileek. "Munta honetako proiektuak behar duen sostengu sendo eta epe luzerakoa, bideragarria eta iraunkorra izango bada".
Sustatzaileek gogoratu duten moduan, urte osoan "era prekarioan" aritu behar izan duen talde eragile txiki baten ahaleginari esker iraun du inTacto jaialdiak, eta baldintza horiek hobetu, eguneratu eta optimizatu behar direla: "Krisialdietan edo proiektu baten hasieran (harik eta haren balioa frogatu arte) onargarriak izan daitezkeen baldintzak (ekonomikoak, nagusiki) ezin dira arau bihurtu; eta ezin dugu segitu inposatzen horrelako prekarietate-egoerarik, ez geure buruari, ezta beste profesional batzuei ere".
Orain, geldialdi bat egiteko eta denbora batez pentsatzeko unea dela esan dute: "Horretan arituko gara, etorkizunean berriz ere eszenara itzultzeko modua eta baldintzak aurkituko ditugulakoan".