Espainiako Hauteskundeak

"Kaosa" salatu du LABek Herritarren Arretarako Zerbitzuan, hauteskundeen harira

Erredakzioa 2019ko api. 5a, 13:24

Astelehenean zozketatu zuten hauteskunde-mahaien osaketa, Gasteizen. /GASTEIZKO UDALA

Lagun asko hurbildu dira Gasteizko gizarte etxeetara azken astean, apirilaren 28an hauteskunde-mahaietan egon behar diren jakiteko.

LAB sindikatuak salatu du udal agintarien aurreikuspen faltagatik "kaosa" gertatzen ari dela Gasteizko Herritarren Arretarako Zerbitzuan, ehunka lagun hurbildu baitira azken egunetan gizarte etxeetara, hauteskunde-mahaietan egon behar diren jakiteko. "Astelehenean izan zen apirilaren 28ko Espainiako hauteskundeen mahaien zozketa. Araban, jende guztiak jakin nahi zuen San Prudentzioko zubiaren bidaia bertan behera utzi behar zuen ala ez. Komunikabideetan iragarri zen gai horri buruz informatuko zela, aurrez aurre, gizarte etxeetan. Iragarpen horren ondorioz, pertsona askok jo zuten gizarte etxeetara, langileek eurek jakin baino lehen lan hori egitea zegokiela eta nola egin behar zuten".

Gainera, LABen esanetan, kontsulta-sistema "mantso, arkaiko eta ez-eraginkorra" da, eta, ondorioz, Herritarren Arretarako Bulegoen kolapsoa sortu da. "Bulegoak ixteko orduan 30 lagunetik gorako ilarak zeuden, sistema erori zen eta ezin izan zitzaien informazioa eman". Jende-oldearen ondorioz, gainera, beste udal izapide batzuk gelditu ziren: errolda, zergak, kirol-abonuak…

LABek udal agintarien aurreikuspena kritikatu du: "Bazekiten hauteskundeetako data Arabako zubi garrantzitsuarekin batera zetorrela; beraz, aurreikuspen falta erabatekoa izan da, izapide erraz bat egiteko behar ez den kaosa sortuz". Sindikatuaren esanetan, "beste behin ere", langileak izan dira aurreikuspen falta hori konpentsatu dutenak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago