Auto elektrikoa kargatzeak zortzi euroko kostua izango du Lopidako gasolindegian inauguratu duten karga-gune berrian. Sei minutu iraungo du prozesuak, eta 150-200 kilometro arteko autonomia emango dio autoari, Jaurlaritzak zabaldu duen informazioaren arabera. Lau zutoin dira, eta, orotara 700 kilowatt emateko gaitasuna dute. "Kokapen estrategikoa" dutelakoan aukeratu dute tokia: Irungo mugatik 130 kilometrora dago. Europa osoan halako 14 puntu ezarri nahi dituen proiektu pilotu baten baitan jarri dute karga-gunea.