Mikel Saenz de Buruaga Hala Bediko kazetariak bihar deklaratu beharko du Arabako Auzitegi Probintzialean, akusatu modura, 2017ko maiatzean Gasteizko Errekaleor auzoaren kontrako polizia-operazioa grabatu ondoren. Herritarren Segurtasunerako Legea ezarri zioten kazetariari gertakizun horien harira. Hala Bedi irratiak aipatu duenez, "mozal legea aplikatuta, Eusko Jaurlaritzak zigortzen duen lehen kazetaria da Saenz de Buruaga". Hala, egun berean, 11:30ean, elkarretaratzea deitu dute irratiko lankideek, Arabako Auzitegi Probintzialean.
Hedabideak salatu duenez, "Ertzaintzak egindako txosten faltsu bat" da zigorraren oinarria. eta "informazio-askatasunaren aurkako erasoarekin" lotu du epaiketa. Eusko Jaurlaritzaren jokabidea gogor kritikatu du, gainera, "eskubide zibil eta politikoak urratzen dituen lege bidegabe bat" erabili duelako eta "muntaia polizial" bati babesa eman diolako. Eusko Legebiltzarrak aipaturiko legea ez aplikatzeko konpromisoa hartu zuela gogoratu du Hala Bedik.
2017ko maiatzean, Gasteizko Errekaleor auzo okupatua husteko Ertzaintzak egindako operazioaren harira ireki zuen Eusko Jaurlaritzak Saenz de Buruagaren kontrako zigor-espediente bat. Uztailean jakinarazi zioten kazetariari 602 euroko isuna ordaindu beharko zuela, Herritarren Segurtasunerako Legearen kontrako urratze larriagatik. Espedientearen arabera, Hala Bediko kazetariak legearen 36.6. artikulua urratu zuen, "autoritatearekiko desobedientzia edo erresistentzia" erabiliz, polizia-hesia gainditu zuelako.
Behin prozesu administratiboa agortu ondoren, epaitegietara iritsi da orain auzia.