Argentinan deklaratuko du Martin Villak irailaren 9an

Erredakzioa 2019ko mar. 29a, 11:43

Martxoak 3 elkarteak Martin Villa auzipetzeko eskatu du behin baino gehiagotan. ALEA

Ministro frankistak baieztatu du deklaratzera joango dela.  "Nire kontrako akusazioei erantzun ahal izateko".

Buenos Aireseko Auzi Kriminalen 1. epaitegiak Rodolfo Martin Villa Espainiako Barne ministro ohia deklaratzera deitu du, irailaren 9an, 12:00etan. Gizateriaren aurkako krimenak egozten dizkiote  Martin Villari, besteak beste, Gasteizko Martxoaren 3ko gertaerengatik. Ikerketa faseko deklarazioa litzateke hori, ondoren, ministro ohia prozesatu eta epaitzeko, epaileak hala erabakiz gero.

Martin Villak berak behin baino gehiagotan adierazi du interesa duela Servini epailearen aurrean deklaratzeko, indefentsio egoerarik eragin ez dakion, eta baieztatu du irailaren 9an deklaratzera joango dela.  "Nire kontrako akusazioei erantzun ahal izateko", esan du Martin Villak.

2014ko urrian inputatu zuten Martin Villa aurrenekoz Argentinan, eta Maria Servini epaileak behin baino gehiagotan egin dio estradizio eskaera Espainiari. Aurrena, Espainiako ministroen kontseiluak bota zuen atzera horietako bat, 2015eko martxoan, eta auzitegiek ere jarrera bera izan dute ondoren. Espainian egindako ustezko delituengatik Servinik espainiarrak galdekatzeko eskumenik ez duela ebatzi zuten bertako epaileek. Gainera, delituak preskribatu direla eta 1978ko Amnistia Legea indarrean dagoela argudiatu zuten Espainiako epaileek.

Martxoak 3ko hilketaz gain, 1997ko amnistiaren aldeko astearekin lotutako krimenak eta beste batzuk leporatzen dizkiote: Rafael Gomez Jauregiren heriotza, 1977ko maiatzean, Errenterian (Gipuzkoa); Jose Luis Cano Perezena, 1977ko maiatzean, Iruñean; Francisco Javier Nuñezena, 1977ko maiatzean, Bilbon; Jose Maria Zabala Erasunena, 1976ko irailean, Hondarribian (Gipuzkoa); Maria Norma Mentxakarena, 1976ko irailean, Santurtzin (Bizkaia); eta Arturo Ruiz Garciarena, 1977ko urtarrilean, Madrilen.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago