Auditoriumaren proiektua berreskuratu du EAJk

Erredakzioa 2019ko mar. 25a, 20:27

Musikaren pasealekuan izango da aurkeztutako proiektua. / Alea

Patxi Lazkozen proiektuaren zati bat berreskuratu dute jeltzaleek, Alfonso Alonsok proposatutako lekuan.

Gasteizen auditorium bat egiteko asmoa, berriz ere, mahai gainean jarri du EAJk. Aurreko alkateen proiektuek -Alfonso Alonsok eta Patxi Lazkozek aurkeztu zituzten- kale egin eta gero, ikuskizun handietarako antzoki baten egitasmoa aurkeztu dute Gorka Urtaran alkateak eta Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak, hauteskunde aurreko ekitaldi batean. 1.500 lagun hartuko dituen eraikina, eta 24,6 milioi euroko aurrekontua izango duena.

Hala, Lazkozek proposatutako BAI Center auditoriuma osatzen zuen eraikin nagusia berreskuratzea da jeltzaleen asmoa, eta hasiera batean Alfonso Alonsok proposatutako eremuan: Musikaren pasealekuan. "Egindako esfortzuak berreskuratuko dituen proiektua da, beraz", esan du alkateak. Juan Navarro Baldeweg arkitektuari egindako enkargua izan zen lehenengo auditorium proposamena, Alfonso Alonso alkate zela, 2002. urtean; Senda pasealekuan egitea proposatu zuen Alonsok, baina ez zuen babes nahikorik izan. Patxi Lazkozek, ostean, 157 milioi euroko aurrekontua izango zuen auditoriuma egin nahi izan zuen Euskaltzaindia plazan, baina atzera bota zuen hurrengo alkate Javier Marotok.

2023rako prest

Iragarri dutenez, hurrengo legealdiaren hasieran lizitatu daiteke, eta legealdia amaitu aurretik egon daiteke prest; 2023ko udaberrirako amaituta egotea aurreikusten dute. Eraikin berriak izango duen "akustikaren bikaintasuna" goraipatu dute, eta kontzertu sinfonikoetarako aproposa izango dela esan dute. Musika ardatza izango bada ere, biltzar handiak eta bestelako ekitaldiak ere har ditzakeela nabarmendu dute.

10.000 metro koadro izango ditu auditoriumak, eta Musikaren pasealekuan kokatuko da; Senda pasealekutik izango du sarrera. "Gaur egun Gasteizera heldu ezin daitezkeen ekitaldiak hel daitezen beharrezko eraikina izango da hau; orain da auditoriumaren garaia".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago