Joan den mendean eraitsi zuten Santo Domingo komentua, eta XII. mendeko arkua Gasteizko Federico Baraibar institutuaren lorategian kokatu zuten. Eusko Legebiltzarra eraikitzeko obrak hasi zirenean, lorategi horretatik kendu eta San Prudentzio adinekoen egoitzara eraman zuten, eta ordutik bertako horma batean itsatsita egon da. Bada, hurrengo asteetan Eusko Legebiltzarreko lorategira itzuliko da.
Izan ere, Legebiltzarrak elementu hori lagatzeko eskatu dio Udalari, eta bere gain hartuko ditu arkua lekuz aldatzeak, zaharberritzeak eta lorategian jartzeak dakartzan gastuak. Arkua Floridako ibilbidearen ondoan jarriko dute.
Aldabe gizarte etxeak eta Santo Domingo plazak okupatzen duten orubean egon zen Santo Domingo komentua, eta XX. mendearen hasieran eraitsi zen. XII. mendeko eraikinetik gordetako bi elementuetako bat da arkua.