Gasteizek bat egin du Uraren Mundu Egunarekin, Amvisa uraren udal agentziak antolatutako sentsibilizazio ekintza baten bitartez: 200 litroko 192 ur bidoi jarri dituzte Floridako ibilbidean, gasteiztar bakoitzaren urteko kontsumoa irudikatzeko. Herritarrek etxean erabiltzen duten ura da: dutxa, komuna, garbiketa, etxetresna elektrikoak… "2018ko kontsumoko datuen arabera, gasteiztar bakoitzak 105,5 litro kontsumitzen ditu egunean. Hau da, 38.500 litro urtean. Bidoi bat bi eguneko, eta 192 bidoi urtean", laburtu du Gasteizko alkate Gorka Urtaranek. Ekintza honen bidez, egunean erabiltzen dugun ur kopuruaz ohartarazi nahi dute, eta "txorrotaren erabilera arduratsua" egiteko eskatu.
Ostiralean, martxoaren 22an, ospatuko da Uraren Mundu Eguna, Nazio Batuek proposaturik. Amvisak zenbait mezu azpimarratu nahi izan ditu aurten. Besteak beste, gogoratu dute munduan 2.000 milioi pertsonak ez dutela etxean edateko urik, eta munduko biztanleriaren ia bi herenek ur eskasia handia izaten dutela hilabetez urtero. Hori dela eta, aurtengo lema ofiziala Ez utzi inor atzean da.
"Erabilera eraginkorra"
Amvisako kudeatzaile Angel Llamazaresek azaldu duenez, 2018. urtean, Arakako araztegitik hiriko banaketa-sarera sartutako uraren bolumena 18.170.960 m3 izan da, aurreko urtean baino % 1,1 gehiago. Dotazio orokorrari erreparatuz gero, aldea txikiagoa da, biztanleko eta eguneko 197,8 litro izatetik 198,1 litro izatera igaro baita, eta bigarren urtez jarraian 200 litrotik beherakoa izan da.
Erabilerari dagokionez, kontsumo zatirik handienak (%57) etxeetakoak izaten jarraitzen du, eta batez besteko kontsumoa eguneko eta biztanleko 105,5 litro izan da, hau da, aurreko urtean baino % 1,4 gutxiago. Gainera, hiriko 28 auzoetako 16tan kontsumoak batez bestekoaren azpikoak izan dira, eta seitan (Abetxuku, Arana, Arantzabela, Zaramaga, Salburua eta Zabalgana) ez dira biztanleko eta eguneko 100 litrora iritsi. "AEAS elkartearen azken datuen arabera, etxeetako kontsumoa pertsonako 132 litrokoa da estatuan (Europako txikienetako bat); beraz, Gasteizek ura eraginkortasun handiz erabiltzen jarraitzen du", gogoratu dute Amvisatik.