Botanikarekin lotutako jarduera ugari aurreikusi dituzte udaberrian Gasteizen

Erredakzioa 2019ko mar. 21a, 10:31
Botanikarekin lotutako edukien gainean jarduera asko aurreikusi dira. PHOT.OK

Ehundik gora jarduera antolatu ditu Inguru Gaietarako Ikastegiak ekainera arte Atarian, Olarizuko etxaldean, eta Urarteko baratzeetan, besteak beste.

Gasteizko Udaleko Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak ehun jarduera baino gehiago biltzen dituen egitaraua garatuko du ekainera arte. Guztira, 103 jarduera antolatuko dira Atarian, Olarizuko etxaldean, Urarteko baratzeetan eta Arabako hiriburuko beste gune natural batzuetan. Udalaren webgunean, Atarian, 010 telefonoan eta gizarte etxeetan eman daiteke izena, martxoaren 26tik aurrera.

Eskaintzak hainbat jarduera aurreikusten ditu: erakusketak Ataria interpretazio zentroan, biodibertsitatearen kulturarekin lotutako lantegiak eta ikastaroak, natura ibilbideak, eta familientzako askotariko jarduerak. Ohi bezala, ingurumenarekin lotutako adierazpen artistikoek ere tokia izango dute egitarauan.  Oraingo honetan, ikastegiak ahalegin handia egin du botanikarekin loturiko jardueretan arreta jartzeko eta, ondorioz, arlo horretako jarduerek egitarauaren %40 inguru hartuko dute.

Salburuko hezeguneak interpretatzeko Ataria zentroko erakusketei dagokienez, dagoeneko inauguratu da Avis Produkzioak taldearen Klima aldaketari aurre egitea erakusketa, eta maiatzaren 5era arte egongo da ikusgai. Gero, maiatzaren 14tik ekainaren 23ra, "Natura ilustratua" bildumaren txanda izango da, Gasteizko Arte eta lanbide Eskolakoen eskutik.

Askotariko eskaintza

Horietaz gain, hainbat gairi buruzko hitzaldiak, lantegiak, natur ibilbideak –oinez edo bizikletaz– eta familientzako jarduerak izango dira. Bestalde, azpimarratzekoak dira erleen munduan sartzeko lantegia; maiatzaren 26an Olarizuko Etxaldean antolatuko den Aspaldiko haur jolasak landareak baliatuz ekimena, eta Atarian ekainaren 2an egingo den Ingurumenaren Jaia. Programa osatzeko, besteak beste, Gustukoen dudan pieza haurrentzako marrazki-lehiaketa eta Eraztun Berdeko XIII. Bira (ekainak 23) egingo dira.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide