Arabako Bibat Arkeologia eta Fournier Karta Museoak hamargarren urteurrena ospatuko du, hilabete honetan. Hala, bi museo horien hamar urteko ibilbidea nabarmentzeko hainbat hitzaldi, bisita, lantegi eta kontzertu antolatu dituzte.
"Bibat museoa turismoko erreferente handietako bat bihurtu da Araban; duen kokapen estrategikoak, erakusketa ezin interesgarriagoek eta parez pare egiten dituzten jarduera aberatsek lurraldeko baliabide aberasgarrienetako bat bihurtu dute", adierazi du Igone Martinez de Luna Euskara, Kultura eta Kirol Saileko diputatuak. “Eskaintza askotariko horrek izan du emaitzarik: 32.865 bisitari jaso zituen 2015ean, eta 60.000 bisitari izateko hurbil geratu da 2018an; Aldundiaren baliabide turistikoen artean, Artium museoa, Gatz Harana eta Santa Maria Katedrala baino ez ditu aurretik”.
Hamargarren urteurreneko jardueren programa martxoaren 20an abiatuko da. Egun horretan hitzaldi bat eskainiko dute Maria Luz Mangado egiptologoa eta Ekialde Hurbilean adituak eta Ainhoa Escudero Antzinako Ekialdean adituak Dordonizko Harriari buruz.
Martxoaren 26an ospatuko dute urteurren ofiziala, eta hitzaldia emango du Joan Santacanak, XXI. mendeko museografiari buruz. Horrez gain, 10 urte BIBATen izeneko bideoa aurkeztuko dute, Risi disko jartzailearen musika lagun. Arabako Paleolitoari buruzko ‘Jatorria’ erakusketa ere ofizialki irekiko dute.
Martxoaren 28an 19:00etan Patxi Mangado arkitektoarekin ibilbidea egingo da Bibat Museoaren proiektuaren inguruan, eta martxoaren 30ean 11:00etan eta 12:30ean “Bi, Bat... Zero. Inprimatzera!“ arte grafikoen tailerrak egingo dira familientzat. Halaber, 12:00etan “Bendañako historian ibilbide bat" ekimena antolatu dute. Azkenik, martxoaren 31an, 11:30ean “Bi, Bat ... Zero. Itzala!“ itzal tailerra egingo da familientzat, eta 12:30ean Hiru Bi Bat ! B3 Dixieland bandarekin, musika zuzenean.