Aire kutsaduraren mugak gainditu ditu Gasteizek otsailean

Erredakzioa 2019ko mar. 16a, 07:00
Airearen kalitate txarra salatu du EH Bilduk. ALEA

Osasunaren Mundu Erakundeak urte osorako ezarritako mugak gainditu ditu Gasteizek sei egunetan. EH Bilduk egin du salaketa.

Gasteizek aire kutsaduraren muga guztiak gainditu zituen otsailean. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako azken datuen arabera, OME Osasunaren Mundu Erakundeak osasuna babesteko ezarritako PM10 partikula balioen mugak gainditu ditu Arabako hiriburuak sei egunetan. "Martxoan gaude eta Gasteizek Osasunaren Mundu Erakundeak urte osorako ezarritako mugak gainditu ditu", azpimarratu du EH Bilduko zinegotzi Aitor Miguelek. Talde abertzaleak gasteiztarrek pairatzen duten aire kutsadura salatu du, eta mozioa aurkeztu du Udalak hainbat neurri har ditzan.

EH Bilduk gogoratu du OMEren arabera, airearen kutsadura mundu mailako heriotza eta gaixotasun jatorri ezberdinen artean nabarmenetarikoa dela; 2016ko kalkuluen arabera 4,2 milioi pertsona hil ziren airearen kutsaduraren erruz. 

Hortaz, airearen babeserako udal ordenantza onartzea, eta airearen kalitate txarrari aurre egiteko protokolo bat garatzea da EH Bilduk galdegin dituen neurri nagusiak; eta gogoratu du 2010. urtetik udalerriko airearen kalitatea kudeatzeko plana ez dela berritu. Halaber, Udalak 2017ko eta 2018ko Airearen Kalitatearen Memoriak argitaratzeko eskatu du.  

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide