Erlijioa ikastetxeetatik desagertzeko eskatu du LABek

Erredakzioa 2019ko mar. 15a, 13:12
Gasteizko hiri erdian sinadurak bildu ditu LABek./ LAB

Egin klik: erlijiOFF leloarekin sinadura bilketa bat egiten ari dira hezkuntza laikoaren alde.

Elkarretaratzea egin du eguerdian LAB sindikatuak erlijio ikasgaia ikastetxeetatik kentzeko exijituz. Halaber, sinadurak biltzeko mahaia jarri dute, Gasteizko hiri erdian, eskola publikoaren eta hezkuntzaren izaera laikoa aldarrikatzeko.

Egin klik: erlijiOFF leloarekin, dinamika nazionala abiatu du sindikatuak, eta neurri zehatzak proposatu ditu erlijioaren ikasgaia eskoletatik desagertzeko. "Kasu askotan, -salatu du LABek- hautazko beste edozein arlotan ikasgaia bertan behera utziko zuten ratioekin mantentzen ari dira erlijio klaseak. Ikasle bakarra edo bi ikasle matrikulatuz gero, erlijioaren aukera eskaintzen da, Haur eta Lehen Hezkuntzan zein DBHn eta Batxilergoan". 

Gainera, erlijioaren ikasgaia emateko irakasleen zerrendak osatzeko baldintzak Apezpikutzak ezartzen dituela kritikatu du sindikatuak, eta adierazi du "onartezina" dela erakunde erlijioso batek zerrenda publiko batzuetan irizpideak ezartzea. Modu horretan, ikasleen "doktrinamendua" sustatzen ari dela uste du LABek.

Erlijio irakasleen "pribilegioak" ere nabarmendu ditu sindikatuak, eta esan du irakasle hauen jarduna ordu batzuk ematera mugatzen bada ere, jardun osoa kobratzen dutela. "Gainera, ez daude behartuak eskolako proiektuetan parte hartzera". LABek irakasle hauei beste lan bat emateko prozesu adostu bat bideratzeko proposamena egin du. "Argi dugu fokoa ez dagoela erlijio irakasleengan. Ardura politiko guztia eta konponbiderako eskumena Eusko Jaurlaritzak du".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide