Ikasleak kalera atera dira, klimaren aldeko greba dela eta

Erredakzioa 2019ko mar. 15a, 13:27
Elkarretaratze egin dute ikasleek udaletxearen aurrean. ALEA

Fridays For Future mugimenduak mundu osorako egindako deialdiarekin bat egin dute.

Gasteizko ikasleak mobilizazioak egiten ari dira gaur, "krisi klimatikoaren aurkako ekintza politikoa" eskatzeko. 13:00etan kontzentrazioa egin dute, udaletxearen aurrean, eta 18:00etan manifestazioa egingo dute, Andra Maria Zuriaren plazatik. 

Aste honetan bertan NBE Nazio Batuen Erakundeak salatu du estatuak ez direla norabide horretan indar egiten ari. Horregatik, estatuak mugiaraztea dute helburu gaurko deitutako greba eta mobiliazioek.

Estatuan indarra hartzen ari da Fridays For Future mugimendua, bereziki, Madrilen, Bartzelonan eta Valentzian.  "M15 klimatikoa" deitu diote ikasleek mugimenduari, eta hainbat herrialdetan mobilizazioak egiten ari dira, urtarriletik hona. Ildo horretan sortu da ere Frydays for Future Gasteizko batzarra, hiritarrak aldaketa klimatikoaren inguruan batzeko eta mobilizatzeko. 

Mugimendu berriak salatu du Gasteizko "green erretorika hutsala", eta nabarmendu du aldaketa klimatikoaren kontra hartzen diren neurriak "kosmetikoak" direla, eta egitasmo estrategikoek iraganeko eskematan oinarrituta jarraitzen dutela. Frydays for Future taldearen ustetan, horren adibide dira AHT bezalako azpiegitura handiak edo gas ez konbentzionala ustiatzeko Armentia-2 asmoa.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide