Agustin Ibarrola artistaren Omako basoa erakusketa inauguratuko dute gaur arratsaldean Montehermoso kulturunean. Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Cantok, Mario Onaindia Fundazioko idazkari Alberto Aguirrezabalek eta egilearen seme eta artista den Jose Ibarrolak aurkeztu dute prentsaurrekoan.
Omako basoa, seguru asko, Ibarrolaren lanik enblematikoena eta ezagunena da, eta Euskadiko aire zabaleko artelanik garrantzitsuenetakoa. Kortezubin dago kokatuta, Urdaibai Biosferaren bihotzean, eta turismoa erakartzeko ere indar handia du: urtero 80.000 eta 100.000 bisitari bitartean izaten ditu. Margolariaren obrak kolorez, bizitzaz eta misterioz betetzen du ingurune naturala.
Erakusketa Ibarrola familiak egindako eta egileak berak hautatutako argazki batzuek osatzen dute. Mario Onaindia Fundazioak basoa euskal hirietara ekarri nahi izan du erakusketa ibiltari honen bidez; Bilbotik igaro da jada, eta, Gasteizen egonaldia egin eta gero, beste hiri batzuetan zehar egingo du bere bidea.
Erakusketa apirilaren 7ra arte egongo da ikusgai honako ordutegi honetan: 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara asteartetik larunbatera, eta igandeetan, 11:00etatik 14:00etara.