75 urtez nahi du Alavesek zelaia

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2019ko mar. 13a, 16:48
Mendizorrotza berriaren proiektua. ALAVES

Mendizorrotzeko zelaian zortzi mila ikusle gehiago jasotzeko, 54 milioi euroko inbertsioa aurreikusi du Alaves-Baskonia taldeak; gainera, aurkeztu duen proposamenean 75 urteko lagapena eskatu dio Udalari

Alaves-Baskonia taldeak Mendizorrotzeko zelaia handitzeko obra erraldoia egin nahi du, 2022. urterako. Maiatzean eskatu dizkio Gasteizko Udalari obrak hasteko lizentziak. Proiektua hainbat zatitan banatu dute, eta egungo 19.000 ikusletik 27.070era pasatzeko 54 milioi euroko inbertsioa aurreikusi du taldeak. Klubak 32 milioi euro jarriko lituzke, inbertsioaren %60 inguru; Gasteizko Udalaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean gainerako 22 milioi euroak jarri beharko lituzkete.

Egin behar duen inbertsioa konpentsatzeko, Alaves-Baskonia taldeak 75 urtez Mendizorrotzeko lagapena eskatu du, alegia 2094. urtera arte. Modu horretan, birmoldaketan inbertitutako dirua berreskuratu ahalko duela uste du. Erakunde publikoen artean antzeko zenbatekoak finantzatu beharko dituzte, obrak aurrera egin dezan. Udala da Mendizorrotza zelaiaren jabea eta zortzi milioi euro gastatuko lituzke; Arabako Diputazioak eta Eusko Jaurlaritzak, berriz, zazpi milioi euro bideratuko lituzkete bakoitzak Mendizorrotza handitzeko.

54 milioi euroko inbertsioa aurreikusi dute Mendizorrotza handitzeko

Finantzaketari aurre egiteko, Gasteizko kluba inguruko beste futbol-taldeen antzera jokatzeko aukera aztertzen ari da, alegia laguntzaile bat bilatzea, eta zelaiari izena aldatu eta babeslearen izenean jartzea. Hautsak harrotu ditu Alaves-Baskoniaren asmo horrek kirolzaleen eta hainbat udal talde politikoren artean. 

Kritikak oposizioaren aldetik

Izan ere, Irabazi taldeko eledun Oscar Fernandezek azken udalbatzan esan zuen izenaren aldaketa "iraina" dela "hiriarentzat, futbolzaleentzat eta Udalarentzat". Zelaia birmoldatu behar dela esan du taldeak, baina proiektua gehiegizkoa iruditzen zaio, eta "interes orokorraren kontrako baldintzak" planteatu dituela Alavesek.

Balizko izenaren aldaketaz gainera, Podemosek ere ez ditu begi onez ikusi Alavesen proposamenean jasotzen diren baldintzak. Milioietako inbertsioaren beharra jarri du auzian udal taldeak, eta herrialdean beste lehentasun batzuk daudela azpimarratu du.

EH Bilduk eta PPk Mendizorrotza handitzeko beharra ikusten dute, baina ez daude ados erakunde bakoitzaren ekarpen ekonomikoarekin, eta Eusko Jaurlaritzaren aldetik babes ekonomiko handiagoa eskatu dute.

Mendizorrotzeko futbol-zelaiak 19.000 ikusle inguru hartu ditzake; 1924an egin zen udal instalazioa, eta zenbait eraberritze-lan egin izan dira bertan, azkeneko garrantzitsuena 1997 eta 2000 urteen artean. 2023ra arte, Alavesek instalazioen lagapen esklusiboa dauka. 2018ko ekainean Jaurlaritzak, Aldundiak eta Udalak jardun-protokolo bat sinatu zuten estadioa eraberritu eta handitzeko lanak finantzatzeko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide