Salburuko tranbiaren azken geralekua erdirago kokatuko dute

Erredakzioa 2019ko mar. 12a, 17:12
Salburuan tranbiaren ibilbidean aldaketak egingo dira.ALEA

Bidaiari gehiago hartuko duen lekuan kokatzeko proposatu zuen Salburua Burdinbide auzo elkarteak.

Salburuan tranbiak egingo duen ibilbidean azken orduko aldaketa bat onartu du Eusko Jaurlaritzak. Hala, Juan Carlos I. Etorbidearen eta Salburuko Bulebarraren arteko bidegurutzean zegoen linea amaierako geralekua erdirago jarriko dute, bidaiari gehiago jasotzeko asmoz. Salburua Burdinbide auzo elkarteak aurkeztutako alegazioaren harira etorri da aldaketa. Martxoaren 12tik, irekita dago aldaketa puntual horren aurrean alegazioak aurkezteko epea.

Aurreikusitako behin betiko bideak 2.500 metro inguruko luzera du. Florida kalearen iparraldetik Jacinto Benavente kalera doa, eta bertan duen bidegurutzearen ondoren, Iliadako Pasealekutik jarraitu eta ezkerrerantz bira egiten du Salburuko Bulebarrera heltzeko. Bide horretan, trazatuak mendebaldetik jarraituko du, Batasunaren plazara heldu arte. Puntu horretan mendebaldetik inguratuko du biribilgunea, Brusela Etorbidea gurutzatu eta Salburuko Bulebarretik jarraituko du, Aerodromoko Pasealekutik desbideratu arte. Amaitzeko, Erromako Etorbide gainetik gurutzatu eta Juan Carlos I. Etorbidean sartuko da. Salburua auzora doan luzapenaren trazatuak bost geraleku ditu: Santa Luzia, Gizarte Etxea, Nikosia, Salburua eta Juan Carlos I.

Oinarrizko aurrekontua 32,2 milioi eurokoa da, eta egikaritze epea 24 hilabetekoa.  

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide