Elgorriaren protokoloa aktibatu dute, Gasteizen kasu bat antzeman ondoren

Erredakzioa 2019ko mar. 11a, 17:45
Osakidetzak azpimarratu du oso garrantzitsua dela txertoa jartzea.

Kutsatutakoa 28 urteko emakumea da. Lehen sintomekin martxoaren 2an hasi zen, eta martxoaren 8an baieztatu zuten elgorria zuela.

Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak kontaktu potentzialak detektatzeko protokoloa jarri du abian, Gasteizen elgorri-kasu bat egiaztatu ondoren. Kutsatutakoa 28 urteko emakumea da, eta lehen sintomekin martxoaren 2an hasi zen, nahiz eta analisiek martxoaren 8ra arte ez zuten baieztatu kasua.

Osasun Publikoaren Zuzendaritzak kutsatzeak saihesteko isolamendu-neurriak ezarri ditu. Halaber, protokoloari jarraituz, emakumeak izan dituen kontaktuei buruzko azterketak egiten ari da, eta beharrezkoak diren neurriak hartuko dira kasuarekin zerikusia izan duten lagunekin.

2012 urtetik joan den urtera arte, ez da elgorri-kasurik detektatu Euskal Autonomia Erkidegoan. Hala ere, gaixotasun hori ez da desagertu, inondik ere. Aitzitik, Gaixotasunen Prebentzio eta Kontrolerako Europako Zentroaren (ECDC) datuen arabera, Europa osoan gora egin duela egiaztatu da. Hala, 2018. urtean sei elgorri-kasu egiaztatu ziren EAEn eta beste hiru kasu aurten; bederatzi kasu hauetatik, zazpi Bizkaian, bat Gipuzkoan eta azken hau Gasteizen eman dira.

Orain arte, antzemandako kasu guztiak  bidaietan gertatutako kutsadurak izan dira, baina oraingo honetan, kutsatutako emakumeak ez du gogoratzen arrisku eremuetara bidaiatu duen inorekin harremanetan egon denik, beraz ikerketa epidemiologikoa abian jarri da, kutsaduraren jatorria zehazteko.

Osasun sailak gogorarazi du gaixotasuna izan ez duten edo behar bezala immunizatu gabe dauden pertsona guztiek har dezaketela elgorria. EAEn, zehazki, elgorriaren aurkako txertoa haurren txertoen egutegian sartuta dago, Hirukoitz Birikoaren (elgorria-hazizurriak-errubeola) lehen dosiaren estaldura % 96,05era iritsi da, eta bigarrena, berriz, % 94,7ra. Estaldura horiek OMEk gomendatutako adierazleak betetzen dituzte.

Osakidetzak azpimarratu du oso garrantzitsua dela txertoa jartzea, zenbaitetan hilgarriak izan daitezkeen gaixotasun infekzioso larriei aurrea hartzeko. Halaber, txertoen egungo segurtasuna nabarmendu du.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide