Mugako jaialdia galdu du Artiumek

Erredakzioa 2019ko mar. 11a, 14:19
Mugako jaialdiaren lehen edizioa 2015. urtean ospatu zen. ALEA

Museoaren zuzendaritzak mahaigaineratutako "murrizketak" direla eta, Gasteizko Musika Elektronikoko Jaialdiko antolatzaileek beste kokapen bat bilatzea erabaki dute.

Artium utzi eta beste kokapen baten bila ari dira Gasteizko Musika Elektronikoko Jaialdiaren antolatzaileak. Sare sozialen bitartez eman dute erabakiaren berri, eta azaldu dutenez, museoaren zuzendaritza berriak mahai gainean jarritako baldintzak direla eta egin dute urratsa. "Azken hilabeteotan, museoaren zuzendaritzarekin izaniko bileren ondotik, guk ulertzen dugu Mugako Jaialdiak jada ez duela lekurik Artiumen programazio-ildoan. Ondorio hori atera dugu museoak azken hilabeteotan planteatu dizkigun murrizketak ikusita, hots, espazioari, ordutegiari, proposamen artistikoaren ereduari eta beste gauza batzuei buruzko murrizketak izan dira".

Antolatzaileen esanetan, baldintza berri horiek proiektua orain arte egin den bezala garatzea eragotzi die, eta gainera etorkizunari begirako asmoa ere trabatzen du. "Sentitzen dugu, baina 2019an, Mugakoren bosgarren edizioa Artium Museoan ez dela ospatuko esan beharra daukagu. Orain, gure lehentasuna Jaialdirako kokapen berria topatzea da, Gasteizen bertan edo beste kokapen batzuetan". Izan ere, kokapen berriaren bila ari diren honetan, ekipoa ohartu da Gasteizen zailtasunak daudela "Mugakok behar dituen behar bereziei erantzuteko azpiegiturak aurkitzeko", eta ondorioz, ez dute baztertzen hiritik kanpora joatea.

Mugako Jaialdiaren arduradunen esanetan, Europako beste hiri batzuetan gertatzen ari den haritik, elektronikaren eta soinu-esperimentazioaren arloan lantzen den sorkuntzak behar bezalako espazioak behar ditu, legitimitatea izan dezan. "Guretzat, Mugako sorkuntza garaikidearen zabalkundeari lotutako testuinguru batean txertatu beharra dago, horrelako arte-sorkuntzarekin lotu ohi diren espazioetatik urrun". 

Badira lau urte Gasteizko Musika Elektronikoko Jaialdia martxan jarri zela, eta ordutik Artium izan da jaialdiaren agertoki nagusia. "Gure hiriaren aniztasun kulturala aberasteko aukera bezala ikusten genuen, eta era berean, sorkuntza artistikoa musika elektroniko garaikidearen arloan zabaltzeko eta ikusgaitasuna emateko baliagarria".  

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide