Juan Vallejo eskalatzailea ospitalean da, istripu bat izan ondoren

Erredakzioa 2019ko martxoaren 6a

Cerro Torre mendian izan da azkenekoz Vallejo.

Patagonian istripu bat izan du eskalatzaile gasteiztarrak; Mikel Zabalzak adierazi du arriskutik kanpo eta kontziente dagoela Vallejo.

Metro batzuetako altueratik erori da Juan Vallejo eskalatzaile gasteiztarra, kirol eskalada egiten ari zela, El Chalten herriaren inguruan (Argentina). Mikel Zabalza lagunak adierazi duenez, arriskutik kanpo eta kontziente dago Vallejo, baina pelbisa eta izterrezurra hautsita ditu, eta kolpe larriak gorputzean. El Calafateko ospitalean ebakuntza egin ostean, Gasteizera itzultzea espero dute.

La Platea izenez ezagutzen den inguruan izan du istripua Vallejok, Argentinako Patagonian. El Chalten herritik hamar bat kilometrora dago eremu hori.

Istripuaren aurretik Cerro Torre mendian izan ziren –Hego Patagoniako izotz zelaian– Vallejo eta beste kide batzuk, tontorretik gertu (3.133 m).

Azken urteetan, besteak beste, Wopeak proiektuan aritu da Vallejo, Alberto Iñurrategirekin eta Mikel Zabalzarekin batera. Gasherbrum I (8.080 metro) eta Gasherbrum II (8.034 metro) mendiak lotzea zuten helburu, estilo alpinoan, kanpaleku nagusira jaitsi gabe eta ohiko ibilbidetik kanpo. Azkenean ez zuten lortu, haize bortitzaren ondorioz.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago