Ikastetxean ere, matxismoari hozka

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2019ko mar. 6a, 13:07

Olaia Arias eta Danna V. Rodriguez, Adsis eskolako ikasleak. ESTI LANAO

Adsis Lanbide Heziketako ikastetxeko neskak berdintasuna sustatzeko eta indarkeria matxistari aurre egiteko lan handia egiten ari dira. Zentroaren izaeragatik gehienak mutilak dira, eta jarrera matxistak maiz jasaten dituzte. Alta, orain indartsuago sentitzen dira neskak, eta ikastetxeko errealitatea irauli nahi dute. 

Berdintasun tailerra dute gaur Gasteizko Adsis ikastetxean, eta hogei bat neska bildu dira eguerdian gela batean. Martxoak 8ko deialdiaren inguruko bideo bat ikusi eta gero, txapak, pegatinak eta pankartak egiten hasi dira, ostiraleko mobilizazioetara ikastetxeko emakume guztiak elkarrekin joateko asmoa baitute.

Talde horretan dago Olaia Arias, soldadurako lehen mailako gelan dagoen neska bakarra. Berdintasun taldea sortu dute ikastetxean, eta horretan buru-belarri dago lanean. "Sei emakume eta mutil bat gaude; nik oso gustukoa dut feminismoari eta berdintasunari buruz lan egitea, eta hitz egitea zer gauza aldatu behar diren ikastetxean". Zer aldatuko zenuke? galdetuta, berehala erantzun du Ariasek. Emakumeak izateagatik dituzten zailtasunak ezabatuko lituzke ikastetxeko eguneroko funtzionamendutik. Esate baterako, komunera joateko giltza eskatu behar izatea. "Mutilek ez dute giltza eskatu behar, nahi dutenean joaten dira komunera, eta neskak, aldiz, beti ibili behar gara giltza eskatzen… rollo bat da". Gainera, azaldu duenez, soldadurako tailerrean ez dago emakumeentzako aldagelarik, eta gizonena erabili behar duenez, mutil guztiak aldatu arte itxaron behar du gazteak. Karrozeriako tailerrean ere antzeko egoera dago; aurten, lehendabizikoz, lehen mailan bi emakume daude, eta ez dute aldagela propiorik. 

Zentroaren azpiegiturak emakumeak existitzen direla kontuan hartzea bezain garrantzitsua dela uste du Ariasek mutilen partetik jasan behar dituen komentarioei eta irain matxistei aurre egitea. "Lehen momentutik hasi ziren esaten: Zer egiten du neska batek tailer honetan? Ile-apaindegian egon beharko luke; edo garbiketa egin behar dugunean, nik egin behar dudala esaten dute, emakumea naizelako. Hasieran isiltzen nintzen, baina komentarioak gehiegizkoak ziren, eta erantzuten hasi nintzen. Orain ez naiz isiltzen, errespetuz eta irmotasunez erantzuten diet, beti".

Ikastetxeko ikaslea Danna V. Rodriguez ere, eta Olaiarekin parte hartu du Berdintasun taldean. Jarrera matxistei aurre egiteko beharra ere ikusten du: "Soberan daude egiten dizkiguten komentarioak, joan zaitez garbitzera edo emakumea zara eta hau gizonezkoen lanbidea da. Aldaketa egiteko, berdintasuna eta feminismoa zer diren azaldu behar da ikastetxe honetan, horretarako osatu dugu Berdintasun taldea".

'Gizonezkoen' lanbideetan, emakumeak

Adsis ikastetxeko hezitzaileak jabe dira gizarte patriarkalaren ereduak behin eta berriro errepikatzen direla zentroan, eta bertan ikasten duten neskek bizi duten errealitateaz. Horregatik abiatu dute emakumeak ahalduntzeko programa bat, eta horren barruan sortu dira Berdintasun taldea eta beste hainbat ekimen.

Eider Iturrospe Mendieta, Adsis eskolako irakaslea. ESTI LANAO

Besteak beste, oinarrizko Lanbide Heziketako ikasketak eskaintzen ditu Adsis Fundazioaren ikastetxeak Gasteizen, eta 16 eta 18 urte arteko 120 ikasle dituzte guztira, lau lanbide ezberdinetan: karrozeria, soldadura, ile-apaindegia eta informatika. Soilik 26 emakume ikasle daude eskolan, eta aurten, aurrenekoz, neska batzuk sartu dira "tradizioz" gizonenak izan diren tailerretan: karrozerian, bi neska daude lehen mailan; soldaduran, neska bat dago; eta informatika gelan, bost emakume sartu dira. Ile-apaindegiko tailerrean, aldiz, emakumeak dira gehienak, eta soilik mutil bat dago.

"Neskek galdetzen dute: gu ahaldunduta egon behar gara, babestu behar gara… Eta mutilek, zer? Ez dute ezer ikasi behar?"

Eider Iturrospe Mendieta hezitzaileak nabarmendu duenez, ikastetxean ez dago aparteko gatazka larririk, baina kontuan izanik zer lanbide diren eta gehiengoa mutilak direla, uste du ona dela neskak haien artean babestea, "eta babesa jasotzea". Iragan urtean hasi ziren hezitzaileen taldean berdintasun gaiak lantzen, eta indarkeria matxistaren inguruan hausnarketa bat egiten, eta aurten lehen mailako ikasleekin sortu dituzte berdintasun taldeak.

Hurrengo urtean, berdintasunaren gaia curriculumean txertatu nahi dute irakasleek, eta mutilen aldea ere lantzeko beharra ikusi dute. "Emakumeek eta gizonek egin behar duten lana bereizi behar dugu; eta mutilei haien rolaren inguruan hausnartzeko aukera eman behar diegu", esan du Iturrospek. Izan ere, ikastetxeko neskak eurak erreklamatzen ari dira lanketa hori. "Neskek galdetzen dute: gu ahaldunduta egon behar gara, babestu behar gara… Eta haiek, zer? Ez dute ezer ikasi behar? Zergatik ez dute ikasten erasotzaileak ez izaten? Feminismoa mutilek landu behar dute'. Hori da esaten dutena".

Autodefentsa feminista

Mutilen unea iritsi arte, aurten, neskak egiten ari diren jardueren artean, autodefentsa feminista ikastaroa izan da garrantzitsuena; eta oso emaitza positiboak ekarri ditu gainera. Gasteizko Udalaren Ahalduntze Eskolaren laguntzarekin egin dute tailerra zentroko neskek. Horretan aztertu dituzte indarkeria matxista mota desberdinak, publizitateak zabaltzen dituen irudiaren eta gorputzaren estereotipoak eta autodefentsarako teknikak. Bi eguneko ikastaroa izan da eta motz gelditu zaie.  

Olaia Ariasek azaldu duenez, indarkeria matxista detektatzeko eta horren aurrean indartsu jokatzeko balio izan die ikastaroak. "Neska askok zalantzak dituzte, indarkeria matxista den edo ez, zenbait jarrera ez dituztelako lotzen indarkeria matxistarekin". Danna V. Rodriguezen hitzetan, gainera, egoera jakin batzuetan babesten ikasteko balio izan die ikastaroak, "kaletik bakarrik baldin bazoaz eta norbait zure atzetik baldin baduzu, lasaitasunez hartzeko eta zerbait gertatzen baldin bada zure burua babesteko". 

"Neska askok zalantzak dituzte, indarkeria matxista den edo ez, zenbait jarrera ez dituztelako lotzen indarkeria matxistarekin"

Hezitzaileen esanetan, oso esperientzia aberasgarria izan da gazteentzat, "haien autoestimua indartu duelako, eta gizartearen begirada feminista bat eskaini dielako. Ikastetxe guztien curriculumaren barruan horrelako ikastaroak txertatu beharko genituzke, errealitatea aldatu nahi badugu".

Ezinegona mutilen artean

Eskolako mutilak deseroso daude nesken ahalduntzearekin, eta emakumeek sortu duten espazio fisikoan zein sinbolikoan behin eta berriz sartzen saiatzen ari dira. Hala aitortu dute hezitzaileek eta ikasleek. Izan ere, goiz honetan bertan, neskak Martxoak 8ko tailerra egiten ari ziren bitartean, birritan sartu dira mutilak gelara, aitzaki xelebreekin, zer egiten ari ziren ikusteko.

Emakumeek bere espazioa aldarrikatzeak eta batzeak gizonezkoak lekuz kanpo utzi dituela esan du Iturrospek. Kexu dira, gainera, martxoaren 8an ezin dutelako greba egin. Ariasek azaldu duenez, soldadura tailerrean esan diote ea zergatik emakumeek greba egingo duten eta haiek ez. "Nik erantzun diet: Zer nahi duzue? gauza guztietan protagonistak zarete, eta honetan ere bai? Utz gaitzazue gutxienez egun bat guretzat". 

Berdintasun taldeko bere kide Rodriguezek azpimarratu du oso garrantzitsua dela emakume guztiak kalera ateratzea ostiral honetan, eta gizonak euren lanpostuetan geratzea. "Ikusarazi behar dugu mundua emakumerik gabe ez dela mugitzen; nabaritu behar da falta garela. Emakume guztiak kalera atera behar gara Martxoaren 8an, hazten jarraitzeko".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago