Alavesek gora begira jarraitzen du

Ibon Gorrisi 2019ko mar. 4a, 10:49
Sailkapeneko laugarren popsturaino igo da talde arabarra. / ALAVES

Vila-realen zelaian 1-2 irabazi du eta laugarrena da sailkapenean.

Alavesek esne mamitan jarraitzen du. Vila-realen zelaian 1-2 nagusitu da eta sailkapeneko laugarren posturaino igo da. Ametsa partidarik partida gauzatzen ari da. Denboraldi bikaina egiten ari da eta goian egoteak esan nahi du talde sendoa dela.

Lehen zatian Vila-realek eraman du jokoaren ekimena. Baloia alderik alde mugitu du baina sorturiko gol aukerak ez ditu gauzatu. Puntuen premian daude eta horren ondorioz urduritasuna nabaria zen. Talde arabarrak gauza gutxi egin du. Zelai erdiko lana defentsan aritzea izan da eta oso baloi gutxi berreskuratu du kontraerasora ateratzeko. Inui eta Jony aurrelariek ez dute ia-ia baloirik jaso eta horren ondorioz Calleri eta Borja Bastonek ez dute aukerarik izan erremateak egiteko.

Bigarren zatian gauzak erabat aldatu dira. Golak saltsa eta perrexila dira eta berehala ailegatu dira. Izan ere, Alavesek lehena egin du 53. minutuan, korner baten bitartez Maripanek buruz saretara bidali du baloia. Pozak gutxi iraun du, 60. minutuan Cazorlak hamaika metrotik banakoa jarri du markagailuan. Egia esanda, Manu Garciak, kapitainak, penalti inozoa egin du, area barruan eskuarekin ukitu du baloia. Berdinketa Vila-realen susperraldia ekarri du eta zenbait unetan estu eta larri aritu da talde arabarra. Pare bat jokaldietan aukera izan dute markagailua alde izateko.

Abelardok aldaketak egin ditu eta emaitza ezin hobea eman diote. Izan ere, Pinak, zelairatu berriak, sakonean sartu dio baloia Jonyri, honek jokaldi paregabea eginez erdiratu du eta Inuik saretara bidali du. A zer-nolako jokaldia! Kontraeraso bikaina izan da. Handik gutxira hirugarrena sartzeko aukera ezin hobea izan du Burguik baina dena alde zuenean kanpora bidali du. Azken minutuetan ondo baino hobeto eutsi dio markagailuari eta garaipena oso baliotsua lortu du Alavesek.

Hurrengo norgehiagoka datorren larunbatean izango da eguerdiko 13:00etan Eibar taldearen aurka. Derbia; giro ezin hobea izango da Mendizorrotzan. Ametsari jarraipena emateko eguna. Baietz hiru gehiago!

Vila-real: Asenjo; Alvaro, Victor Ruiz, Ramiro Funes Mori (74’. Chukwueze), Manu Morlanes (79’ Fornals), Pedraza, Mario, Cazorla, Iborra, Ekambi (63’. Gerard Moreno) eta Bacca.

Txartel horiak: 70’. Alvaro, 88’. Víctor Ruiz.

Alaves: Pacheco; Vigaray, Laguardia, Maripan, Duarte; Manu Garcia (70’. Pina), Darko Brasanac; Inui (84’. Wakaso), Jony, Borja Baston (76’. Burgui) eta Calleri.

Txartel horiak: 29’. Calleri, 39’. Jony, 64.’ Laguardia

Golak:

0-1: 53’. Maripan

1-1: 60’. Cazorla

1-2: 76’. Inui

Zeramikako futbol zelaiko harmailak:

Ia-ia 16.000 ikusle bildu ziren Zeramikako futbol zelaiko harmailetan. Inauteriak izanik, giro ezin hobea izan zen, batez ere, Arabatik joandako zaleentzat. Ehunen bat bildu ziren harmailetan eta, berriz ere, haien portaera goraipatu beharra dago.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide