80 sukaldari baino gehiago, Miniature pintxo jaialdian

Erredakzioa 2019ko otsailaren 26a

Pintxoen arabera establezimendu onenak sailkatzen dituen Best Pintxos & Gastro gida izango da berrikuntzarik nagusiena.

Miniature pintxo jaialdiaren seigarren edizioa izango da martxoaren 4tik 6ra bitartean, Europa Jauregian. Egun horietako ekintzez gain, bestelakoak antolatu dituzte otsailaren 27an eta 28an, eta martxoaren 13an; tartean, afariak, lehiaketak edo erakustaldiak.

Martxoaren 3an, gainera, pintxoak eskainiko dituzte Iradier Arenan jarriko duten barra batean, 12:00ak eta 15:00ak bitartean. Aurreko urtean baino pintxo gehiago izango ditu, eta bertan izango dira Miniature Kids saioak, etxeko txikienek sukaldaritzan murgiltzeko jardunaldietan parte har dezaten.

Aurtengo berrikuntzarik nagusietako bat Best Pintxos & Gastro gida izango da. Horren bidez, Euskal Herriko establezimendurik onenak sailkatuko dituzte eskaintzen dituzten pintxoen arabera, eta bat, bi edo hiru eguzkilore jasoko dituzte.

Afari esperimentalak

Programaren hasiera otsailaren 27 eta 28an izango da, Miniature Iron Chef afarien bitartez. Taldekako pintxoen lehiaketa bat da, eta jankideak epaimahai bihurtuko dira, final handian (martxoaren 6an) taldea ordezkatuko duen pintxoa aukeratzeko.

Era berean, martxoaren 3an Txapeldunen afariak Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako pintxo lehiaketetako irabazleak bilduko ditu, Jardines de Uleta hotelean.

Hitzaldiak

Arabako sukaldaritzaren ordezkapen handia izango da kongresuan. Besteak beste, Edorta Lamok (A Fuego Negro, Arrea!), Senen Gonzalezek (Sagartoki) eta Josean Merinok (PerretxiCo) miniatura-sukaldaritza, pintxoak eta kaleko janaria gerturatuko dituzte Gasteizera, beste chef askorekin batera. 

Era berean, Mario Sandoval sukaldari ospetsua izango da ekitaldian. Europa Jauregiko hitzaldi nagusian izateaz gain, Miniature jaialdiaren ixte-afarian biltzarraren urteko omenaldia egingo diote, sukaldaritzaren munduan adierazitako kezkarengatik, ikerketarako eta sormenerako ardura biziarengatik eta pintxoen eta tapen munduarekiko hurbiltasunarengatik. Orotara, 80 sukaldari baino gehiagok parte hartuko dute ekitaldiak antolatu dituen ekintza guztietan.

Miniature Pintxos Congress ekitaldiaren webguneak egitarau osoa ezagutzeko eta izena emateko aukera ematen du.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago