Emakunderen egoitza okupatu du LABek

Erredakzioa 2019ko ots. 21a, 12:56

Pankartak eskegi ditu LABek Emakunderen egoitzan. LAB

“Soldata arrakala ez da kopuru bat, arazo politikoa da” lelopean sartu dira LAB sindikatuko kideak Gasteizko Emakunderen egoitzan, goizean

LAB sindikatuko kideak goiz partean sartu dira Gasteizko Manuel Iradier kalean Emakundek duen egoitzan. Denbora batez okupatu dute eraikina, eta pankartak eskegi dituzte eraikinaren balkoietan. Halaber, Gizon eta Emakumeen Soldata Berdintasunaren Aldeko Egunaren bezperan, idatzi bat erregistratu du sindikatuak. Soldata arrakala ez da kopuru bat, arazo politikoa da lelopean hainbat elkarretaratze deitu ditu LABek Euskal Herrian.

Soldata arrakala sistemak erabiltzen duen tresna dela salatu nahi izan du sindikatuak, "gure lanei balioa kentzeko, lan horiek doan eskuratzeko, gutxiago ordaintzeko, jardunaldi partzialak eta aldi baterako kontratuak inposatzeko". 

 

Biharko hitzordua

Bihar, otsailaren 22an, emakume eta gizonen arteko soldata berdintasunaren aldeko egunean ere, LABek ekimenak egingo ditu soldata-arrakalaren inguruan. Gasteizen, Osakidetzako langileek protesta egingo dute 11:00etan, Osakidetzako Zerbitzu Zentralen aurrean, Gasteizen (Araba kalea, 45).

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago