'Errementari', 'Oreina' eta 'Dantza' filmak, Euskal Zinemaren 35. Astean

Erredakzioa 2019ko ots. 20a, 09:30
'Dantza' filma hilaren 27an izango da ikusgai.

Otsailaren 28an abiatuko da jaialdia, eta hamabi lan ikusteko aukera izango da Gasteizko Vital Fundazioa aretoan.

Euskal Zinemaren Asteak 35. edizioa beteko du aurten. Martxoaren 2ra bitartean, 2018an euskal zinemagintzako profesionalek ekoiztu edo zuzendutako lan zinematografiko onenak ikusteko aukera izango da.

Film labur bat eta luze bat eskainiko ditu egunero jaialdiaren egitarauak. Emanaldiak 20:00etan hasiko dira film laburrarekin, eta ondoren, film luzea emango dute. Jaialdiak parte-hartzea bultzatzen duen heinean, emanaldien ostean, aretoan dagoen publikoak film luze eta labur onenei botoa emateko aukera izango du. Sariak amaierako galan emango dituzte ezagutzera. Saio horretan, era berean, antolakuntzak Gutako bat saria emango dio zazpigarren arteko Arabako figura nabarmen bati.

Lan zinematografiko onenak

Orotara, hamabi ikus-entzunezko izango dira ikusgai Vital Fundazioaren aretoan. Enrique Reyren Visibles film laburrak hasiera emango dio zikloari, otsailaren 25ean, eta jarraian bi Goya sari irabazi dituen Arantxa Echevarriaren Carmen y Lola eskainiko dute. Otsailaren 26an, Gaizka Urrestiren Mi querido balón eta Igor Legarretaren Cuando dejes de quererme izango dira ikusgai. Asteazkenean, hilaren 27an, Pello Gutierrezen Zain eta Telmo Esnalen Dantza lanak eskainiko dituzte.

Otsailaren 28an, Josu Martinezen Ama eta Paul Urkijoren Errementari lanen txanda izango da. Martxoaren 1ean, David P. Sañudoren Ane eta Koldo Almandozen Oreina ikus-entzunezkoek beteko dute egitaraua. Zikloa ixteko, martxoaren 2an, Imanol Ortizen Moda eta David Gonzalezen La noche que nos lleva izango dira ikusgai.

Abonuak eta txartelak

Jardunaldi guztietarako bonuak salgai daude asteartetik. Vital Fundazioaren webgunearen bidez lortu daitezke, 12 euroan. Era berean, Vital Fundazioaren egoitzan eros daitezke, astelehenetik ostegunera, 8:30etik 14:00etara, eta 16:30etik 20:30era, eta ostiralean 8:30etik 14:00etara.

Egun bakoitzerako sarrerak eskuratzeko, bi bide horiez gain, Vital Fundazioaren aretoko txarteldegian salgai jarriko dituzte. Emanaldia hasi baino ordubete lehenagotik, eta 3 euroan, erosi ahal izango dute sarrera bertaratutakoek, beti ere leku librea balego.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide