90 lagunek ikasi ahal izango dute baratzezaintza ekologikoa

Erredakzioa 2019ko ots. 20a, 06:00
Baratzezaintza ekologikoa sustatu nahi du Udalak. / UNSPLASH

Behin ikastaroa bukatuta, parte-hartzaileek lur sail bat erabiltzeko baimena eskuratu ahal izango dute.

Gaur ireki dute Gasteizen baratzezaintza ekologikoari buruzko ikastaroetan izena emateko epea. Ikastaro hauekin, Udalak gaiari buruzko "prestakuntza praktikoa" sustatu nahi du.

Ingurugiro Gaietarako Ikastegia arduratuko da formakuntzaz. Orotara, 90 dira aurten eskainiko dituzten lekuak, "aurreko urteetan baino gehiago", Udalak zabaldutako informazioaren arabera.

Maiatzean eta ekainean emango dituzte eskolak, eta, horien ostean, parte-hartzaileek lur sail bat erabiltzeko baimena eskuratzeko aukera izango dute, udal ordenantzak zehazten dituzten baldintzetan. Eraztun Berdean kokatuta dauden Urarteko baratzeetan (Abetxuku) emango dituzte eskolak. 75 metro koadroko 230 lursail daude bertan, eta 600 metro koadroko "baratze kolektiboa" bada ere.

Orotara, 20 ordutako iraupena izango dute ikastaroek, eta 8 egunetan emango dituzte eskolak. Udal instalazioetan abonatuta ez daudenentzat 38,80 euroko kostua du ikastaroak, eta, ohi bezala, deskontua izango dute abonatuek, 60 urtetik gorakoek, ikasleek eta langabetuek.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide