Mugikortasunaren elkargunetik alde egin dute hainbat eragilek

Erredakzioa 2019ko ots. 19a, 09:35

Bus azkarraren inguruan eztabaida falta salatu dute hainbat eragilek. ALEA

Gasteizko Udalak parte-hartzea baztertu duela salatu dute Ekologistak Martxanek, Gasteizko Bizikleteroek eta Hegoaldekoak auzo elkarteak.

Legegintzaldiaren hasieran hartutako konpromisoak haustea eta parte-hartzea albo batera uztea leporatu diote udal gobernuari Gasteizko Bizikleteroak, Ekologistak Martxan eta Hegoaldekoak Auzo Elkartea taldeek. Hortaz, 2015. urtetik martxan dagoen Mugikortasun Jasangarriaren Elkargunea uztea erabaki dute: "Legegintzaldi honetan elkargunearen 23 batzarretan izan gara, eta ez gaituzte aintzat hartu; ez dute kontuan hartu ere egin dugun ahalegina".

Sare sozialetan zabaldu dituzte Gasteizko eragileek erabakiaren arrazoiak. Hala, udal gobernuak herritaren parte-hartzea kontuan hartu gabe erabaki du, haien ustetan, tranbia eta autobus azkarra hegoaldera zabaltzea. "Hiriko Mugikortasun Jasangarriaren Planaren berrikuspena egin behar zela asmatu zuen udal gobernuak; hala ere, azterketa egin baino lehen tranbia eta bus azkarraren zabalpena onartzen dute, plan horretan aurreikusita daudela argudiatuz. Haatik, jasangarritasunaren gakoak diren superetxadiaen zabalpena albo batera utzi dute". Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzak iragan astean tranbia Salburura zabaltzeko iragarritako finantzaketa ere kritikatu dute.

Gasteizko Bizikleteroak, Ekologistak Martxanek eta Hegoaldekoak auzo elkarteak argi utzi nahi izan dute ez dutela azpiegitura horien beharraren inguruan balorazioa egin, hain zuzen Udalak aukera ere eman ez baitie horien inguruan eztabaidatzeko. 

Gainera, eskolen aurrean bigarren ilaran aparkatzen duten autoek sortzen dituzten arazoak ekiditeko plana elkargunean aurkeztu eta eztabaidatu beharrean, hedabideetan zabaldu izana kritikatu dute gizarte eragileek: "Gure ekarpenak kontuan hartu gabe erabakiak hartzen baldin badituzte, zertarako nahi dute parte-hartzea?".

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago