Hilabetero 91 emakume artatu ditu Udalak indarkeria matxistagatik

Erredakzioa 2019ko ots. 16a, 06:00
Indarkeria matxistaren kontrako manifestazio bat. ALEA

 Zazpiehundik gora adingabe dira genero indarkeriaren biktimak Gasteizen.

Gasteizko Udalak aurrenekoz bildu ditu indarkeria matxistaren arretaren inguruko datuak. Genero indarkeriaren errealitatea bere gordintasunean erakusten dute zifrek: 2018ko urtarriletik urrira arte, guztira, 916 emakume artatu dituzte Gasteizko Udaleko zerbitzuek indarkeria matxistagatik, hain zuzen 91,6 emakume hilabetero.

Gizarte Politika eta Osasun Publikoaren sailak 567 emakumeri eman die arreta; Udaltzaingoak, berriz, genero indarkeriaren eta sexu askatasunaren aurkako delituengatik 349 emakume artatu ditu. 

Gizarte Politika eta Osasun Publikoaren sailari dagokionez, genero indarkeriagatik artatu dituen 567 emakume horiek 649 adingabe dituzte haien kargu. Jatorriaren inguruan, txostenak jaso du emakumeen %54 Espainiakoak direla. Bestalde, biktimen adinaren inguruan, %53k 31 eta 45 urte artean dute, eta %19k 30 urte baino gutxiago. 

Bikotekideak emandako tratu txar emozional edo psikologikoa da indarkeria mota nagusia; ondoren, tratu txar fisikoa dago. Gero, bikotekide ohiak emandako tratu txar psikologikoa dator, eta, ondoren, bikotekideak emandako tratu txar ekonomikoa.

Udaltzaingoaren datuak

Bestetik, Gasteizko Udaltzaingoak genero indarkeriaren eta sexu askatasunaren aurkako delituen jarraipena egin du, eta kasu horretan 2018ko lehen hamar hilabeteetan 349 emakumeri arreta egin die. Artatutako 349 emakume horiek 31 adingabe dituzte beren kargura.

Horietatik, 27 emakume (%7,7) sexu askatasunaren kontrako delituengatik artatu dituzte, alegia sexu erasoak, sexu abusuak eta sexu askatasunaren aurkako bestelako delituak pairatu dituztenak. Sexu askatasunaren aurkako delituei buruz, nabarmendu beharra dago  %30 14 urtetik beherako emakumeei egin zaizkiela.

Kasu honetan, Udaltzaingoaren txostenak ere ustezko erasotzaileen ezaugarri nagusiak jaso ditu. Sexu-askatasunaren aurkako erasotzaileen %75ek 30 urte baino gehiago dute, eta %60 autoktonoak dira.

Indarkeria matxistaren kontra iaz onartutako protokoloaren harira, publiko egin du Gasteizko Udalak arreta zerbitzuek jasotako kasuen txostena. Gainera, hirian genero indarkeriaren gaineko analisia egin du Udalak, baita aurrera begira hartu beharreko neurrien balorazioa ere. Berdintasunerako Zerbitzuak egin du txostena, Gasteizko Udalaren Gizarte Politika eta Osasun Publikoaren sailarekin eta Herritarren Segurtasunerako sailarekin batera.

Irakurri txosten osoa hemen.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide