Kalitatezko zerbitzu publikoak defendatzen dituzten guztiei, larunbatean, manifestazio batean parte hartzeko deia luzatu die Eskalatzaileak Sutan plataformak: "Bada garaia Udalari kalitatezko zerbitzuen alde gaudela tinko erakusteko; eta udal instalazioen kudeaketa egokia exijitzeko". Martxa 12:30ean aterako da, Gasteizko Andre Mari Zuriaren plazatik.
Hiriko rokodromoen itxierak ekarri duen soka luzearen harira deitu dute manifestazioa hiriko eskalada zaleek. Dagoeneko zazpi hilabete pasa dira Udalak rokodromoak itxi zituenetik; eta hiru lizitazio hutsik geratu ondoren, ez da irtenbiderik aurreikusten. "Horren ondorioz, eskalatzaileoi rokodromoetako erabilera ukatu zaigu, eta aurrekariak ikusita, argi dago ikasturte honetan ez dela inongo ekintzarik antolatuko udal instalazio hauetan".
Udalak rokodromoen kudeaketaren inguruan jarraitu duen prozedura ikusirik, plataformak susmoa du, gainera, zerbitzua pribatizatzeko helburua dagoela. "Azken udalbatzan, laugarren lizitazioa hutsik geratzekotan, kontzesioa enpresa pribatu bati ematearen aukera planteatu zuen udal gobernuak, honek suposatuko lukeenarekin: arduren azpikontratazioa, enpresaren aldeko prezioen liberalizazioa, langileen prekarietatea...". Ildo horretan, eskalatzaileek gogoratu dute aurretik, Kirol Medikuntza desagerrarazi duela Udalak; eta gimnasioen kudeaketa ere enpresa pribatu baten esku utzi duela.