Ixone Sadaba, Ana Roman, Abigail Lazkoz, Fernando Sinaga eta Concha Prada artistak izango dira Gasteizko Artium museoaren Artistak gurean programaren urteko lehen seihilekoko egitarauan. Ekimenak aukera ematen du Artiumeko bildumaren parte diren artistak eta haien lanak hurbiletik ezagutzeko. Saioak hilean behin izaten dira, museoaren emanaldi aretoan zein erakusketa aretoetan.
Artium bilduman lanen bat duten artistak publikoarekin elkartzea proposatzen du Artistak gurean programak, hilean behin. Ordu eta erdi inguruko saioetan, sortze prozesuari nola heltzen dioten azaltzen dute artistek, eta artelan edo proiektu esanguratsuak aurkezten dituzte. Ondoren, Artium bildumaren dagokion erakusketan ikusgai dagoen artelanaren edo artelanen aurrean jarraitzen du elkarrizketak.
Artistak gurean programa otsailaren 12an zabaldu zen, Ixone Sadabarekin; ondoren, Ana Roman izango da, martxoan; Abigail Lazkoz eta Fernando Sinaga, apirilean; eta Concha Prada, maiatzean.