Gasteizko Mercedes lantegian 2018ko azken seihilekoan 800 lanpostu galdu direla salatu du UGT sindikatuak. Lanpostuen galera dieselaren krisiari egotzi diote sindikalistek: "sortu den ziurgabetasun egoera dela eta, autoen eskaerak behera egin du". Arabako Batzar Nagusietan agerraldia egin dute UGTko arduradunek, eta bertan eskatu dute patronala, sindikatuak eta administrazioa bilduko dituen Espainia mailako mahai bat eratzea, autoen isuri kutsakorren aurkako neurriak hartzeko eta auto zaharrak ordezkatzeko plan bat adosteko.
Jose Ignacio Andres UGTko Mercedes lantegiko arduradunak azaldu duenez, azken sei hilabeteetan jazo den enplegu galera mantenduko balitz, hurrengo lau urteetan 5.000 lanpostu arriskuan egongo lirateke. Andresek azaldu duenez, 163.000 furgoneta egiteko aurreikuspena zuen Mercedesek iaz, eta 1.500 lanpostu mugagabe sortu behar zituen. Haatik, "merkatuaren ziurgabetasuna eta Europako ingurumen politikak direla eta, enpresak hirugarren txanda gelditu du, eta 168 ordu murriztu ditu lan jarduera bakoitzean".
Gainera, aurten, lan jarduera batzuk murriztu dira, eta otsailaren amaieran lantegia hainbat aldiz geldituko dela ohartarazi diete langileei.