Kirol tabernako langileei elkartasuna adierazi diete Alde Zaharreko hainbat eragilek

Kirol tabernako langileei elkartasuna adierazi diete Alde Zaharreko hainbat eragilek
Auzoko hainbat taldetako ordezkariek egin dute agerraldia. /Hala Bedi

"Mehatxu, ukitu eta xantaiak" jasan zituzten emakumeei babesa eman diete auzoko kolektiboek, eta boikoterako deia egin dute.

Duela aste batzuk Gasteizko Alde Zaharreko Kirol eta Zezengorri tabernetan eman izan diren "esplotazio eta jazarpen" kasuen berri jakinarazi zuten hainbat emakumek gutun batean. Eta horiei babesa adierazteko agerraldia egin dute gaur auzoko hainbat kolektibok: "Onartezina litzateke argitara ateratako kasu bakar bat eman izana, baina, larriena da egoera hori denboran zehar luzatu dela eta asko izan direla pairatu behar izan duten langileak".

Salaketa haren arabera, hainbat emakumek "nagusiarengandik mehatxuak, ukituak, xantaiak edota jarrera bortitzak" jasan izan behar izan zituzten. "Eta, gainera, hori guztia bertako langileek pairatzen dituzten lan baldintza penagarriei gehitu behar zaio; oporrak eta ordutegiak ez errespetatzea, denboraz kanpo ordaintzea, ez ordaintzen saiatzea edota legez kanpoko kaleratzeak", adierazi dute auzokideek.

Kasu isolatuak ez direla nabarmendu dute, "errotiko arazo baten ondorioa" baizik. "Sistema heteropatriarkal kapitalistak erreproduzitzen dituen langile-nagusi eta emakume-gizon botere harremanetan oinarritzen direnak".

Agerraldian bildutakoek langileei "elkartasun guztia" helarazi nahi izan diete, eta boikoterako deia egin dute: "Auzokide eta kontsumitzaile moduan daukagun botereaz hausnartu eta bertan gehiago ez kontsumitzera gonbidatzen zaituztegu. Argi adierazi nahi dugu ez ditugula gure auzoan ez akosatzaile ez esplotatzailerik onartuko".

Adierazpenarekin bat egin dute ELA eta LAB sindikatuek, eta Astindu, Negeak, Ernai Alde Zaharra, Hala Bedi Taberna, Txapelarri taberna, Garraxi taberna, Parral taberna, AAVV Gasteiz Txiki, Gasteizko Bilgune Feminista, AMAR, Arabako Emakumeen Asanblada, Arkillos 10, Gasteizko Gaztetxea eta Talka espazio feministak.

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide