Auzokideen aspaldiko kezka da Alde Zaharreko trafikoak eragiten duen arriskua, eta konponbide bat bilatu nahirik,eragile ezberdinen bileretatik eratorritako proposamen landua aurkeztu nahi izan dute goizean egindako agerraldian.
Proposamen horretan, bizilagunen beharrei erantzungo dien planteamendua aurkeztu nahi izan dute. Auzoa oinezkoen espazio bezala lehenetsi dezatela aldarrikatzen dute, batez ere Alde Zaharreko muinoari dagokionean. Bertan kokatzen diren esparru publiko guztiak, eskola, gizarte etxea edota parkeak kotxez inguraturik daudela azpimarratuz, eta auzokideentzat arrisku bat suposatzen duela salatuz.
Oinezkoen mesedetan, trafikoa murriztu eta auzotik dabiltzan kotxeen erabilera mugatzeko neurriak hartu daitezela eskatu nahi diote Udalari datozen asteotan. Horrenbestez, oinezko eta ibilgailuen beharrak uztartuko dituen arautegi bat proposatzen dute.
Aurkeztutako txostenaren arabera, oinezko esparru bihurtzeko, auzoko bizilagunek bakarrik izango lukete kotxearekin auzoan sartzeko aukera, eta horretarako, auzoko sarreretan kotxeen sarrera kontrolatzeko bolardoak jarri beharko lirateke. Gainera auzo guztian gehienez 20km/h-ko abiadura muga dagoela gogorarazteko seinaleak ezartzea eskatzen dute.
Merkatari eta ostalariekin adostutakoa oinarri hartuta, zamalanetarako ordutegia 07:00etatik 12:00etara murriztea litzateke beste oinarrizko arau bat, eta auzokideek zamalanak egiteko ordutegia 13:00ak arte luzatuko litzateke.
Aparkalekuaren arazoa
Oinezkoen esparru bihurtzeak aparkaleku galera dakarrela onartuz, gai horri ere konponbide bat bilatu nahi izan diote auzoko eragileek.
Zentzu horretan, gaur egun espazio gehien eskaintzen duen Etxauriko aparkalekua epe luzera desagertzearen alde azaldu dira. Aisialdirako espazio bihurtuko litzateke eta bien bitartean, sarrera bakarra San Bizente aldapatik bideratu beharko litzateke.
Gainontzeko kaleetan dauden aparkaleku bakanak ezabatu eta toki horietan auzokideentzat 15 minutuko espazioak jartzearen alde azaldu dira, edota mugikortasun arazoak dituztenei zuzendutakoak.
Auzoko bizilagunentzat, berriz, ingurunean dauden aparkalekuetan tokia bilatzea alternatiba aproposa izan daitekeela pentsatzen dute. Artium, Molinuevo, Zaldiaran, Juan de Ayala edota Olagibeleko parkinetan dagoen espazioa aprobetxatuz, auzokideek OTA prezioan aparkalekua eskura eduki ahal izatea eskatzen dute.
Argi utzi nahi izan dute, gainera, aparkatzeko tokiak kentzen hasi aurretik, auzokideen beharrei erantzuna emango dien aparkaleku proposamena lantzea lehen urratsa izan behar dela.