26 urteko gizonezko bat atxilotu zuten udaltzainek, otsailaren 2an, larunbatean, bere bikotekide ohiarenganako zuen babes-agindu bat urratzeagatik. Halaber, 28 urteko beste gizonezko bat atxilotu zuten otsailaren 4an, astelehenean, Salburuko bere etxebizitzan, bikotekidea jotzeagatik
Lehen atxiloketa, biktimak egindako salaketaren ostean egin zuten udaltzainek. Izan ere, emakumeak udaltzainei eskatu zien El Pilar auzoko bere etxebizitzara joan zitezela, bikotekide ohiak bertaraino jarraitu ziolako. Leku horretara joan zen patruilak berretsi zuen babes-agindu bat indarrean zuela gizonezkoak, eta hainbat aldiz bikotekide ohiari deitu ziola telefonoz.
Bigarren eraso matxista Salburuko etxebizitza batean jazo zen. Udaltzaingoaren oharraren arabera, bikote baten arteko eztabaida baten berri jaso zuten 092 telefono-zenbakian, eta etxebizitzako gela batean giltzaz itxitako emakume bat aurkitu zuten, gizonarengandik ihesi, eta irainak eta kolpeak jaso ondoren.
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.