Gogoan hartu eta segi aurrera

Juanma Gallego 2019ko ots. 9a, 18:00
Musika eta koloreen lengoaiak baliatu dituzte historiaren alde ilunak eta argiak irudikatzeko. / EUSKO IKASKUNTZA

Doke antzerki taldearen eskutik, Euskal Herriaren zein Eusko Ikaskuntzaren historia laburbiltzen duen antzezlanaren azken emanaldia taularatuko dute Gasteizen, hilaren 16an, Felix Petite antzokian.

Ez dirudi erraza denik Euskal Herrian azken ehun urteetan bizi izandakoa 65 minututan laburbiltzea, baina, halere, hori egiten saiatu dira. Eta, emaitza ikusita, modu txukunean lortu dutela esan daiteke. Erabilitako tresna ezohikoa izan da: antzezlana baliatu dute mendearen oroimena gaurkora ekartzeko. Euskal Herriaren historia ez ezik, Eusko Ikaskuntzaren ibilbidea ere laburbildu dute: erakundearen mendeurrenaren harira datorren antzezlana da, hain justu. Izan ere, lanaren arduradunek diotenez, bi historia horiek, Euskal Herriarena eta Eusko Ikaskuntzarena, pare-parean joan dira.

Taula gainean dago emaitza, Hamaika amaren seme (alaba) izeneko antzezlanaren bitartez. Oñatin estreinatu zuten, iazko azaroan, Eusko Ikaskuntzaren azken kongresuaren itxierarekin batera, eta, ordudanik, Euskal Herriko hainbat herri eta hiriburutan izan da: Arrasaten, Iruñean, Donostian, Aramaion eta Bilbon. Gasteizen izango da azken emanaldia: hilaren 16an taularatuko dute lana, Felix Petite antzokian.

Antzezlana Josemari Velez de Mendizabalek idatzitako testu batean oinarritu da. Velez de Mendizabalek ongi ezagutzen ditu bai antzerkia eta baita erakundea ere. Izan ere, azken urteak Arrasateko Doke antzerki taldean ibili da –hori da, hain zuzen, antzezlana taularatu duen konpainia–, eta 1994tik 2010era Eusko Ikaskuntzako zuzendari kudeatzailea izan da.

Vene Herrero arduratu da lanaren zuzendaritza artistikoaz. Haren aburuz, antzezlanak mezu nagusi bat zabaltzen du: arazoak egonda ere, norbaitek zerbait posible dela sinesten badu, posible egingo du. Horri esker martxan jarri ahal izan zuten Eusko Ikaskuntza. "Garai hartan, bazegoen horretan sinesten zuen jendea; hori beharrezkoa zela uste zuena. Gaur egun halako jendea ere bada, eta, horregatik, itxaropenarekin begiratzen dugu etorkizunera".

Pozik azaldu da Herrero antzezlanak publikoaren artean izan duen harrerarekin. "Batzuek ez zuten ondo ezagutzen Eusko Ikaskuntza, eta gazteenek ere ez zituzten gure historiako hainbat kontu ezagutzen". Lagun horiek gaiari buruz galdetzen hasi direla dio Herrerok.
Barne sukaldeari begira, antzezlanean parte hartzen duten lagunen arteko harremana goraipatu du zuzendari artistikoak. "Horixe izan da errazena. Asko izanda ere, oso erosoa izan da denon artean gauzak adostea". Baina ezin uka horrenbeste jende koordinatzea lan zaila izan dela. "Lagun asko egon garenez, ez da erraza izan denok elkartzea entseguetarako". Arlo honetan, Josemari Velez de Mendizabalen laguntza eskertu du. "Berak jende asko ezagutzen duenez, buruan zeuzkan pertsona batzuek ere parte hartu dute antzezlanean, modu batean edo bestean".

Eszenografiari dagokionez, Iñigo Arregiren ekarpena nabarmendu du. "Oinarri bat geneukan, eta berak eskultura bihurtu du. Oso giro aproposa lortu du". Lanean parte hartu duten guztien konpromisoa eskertu du Herrerok. "Bakoitzak bere lana du, edo erretiroa hartu dute jadanik. Gazteak ikasten ari dira, baina guztiek haien ardura hartu dute".

Mende hasierako pizkundea, Espainiako Gerra Zibilaren osteko frankismoa, diktadorea hil ondorengo itxaropenak eta gaur egun dagoen egoera… horiek guztiak jaso dituzte, garaian garaiko musikaz lagunduta. Koloreen lengoaia ere baliatu dute: garai gris eta ilunak badira, baina etorkizuna argitasunez irudikatu dute, itxaropenaren bideari atea irekita. Atzera begira bai, baina etorkizuna gogoan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide