Osakidetzako Lehen Arretako zerbitzuetako medikuek, erizainek eta administrazioko langileek batzarra eta manifestazioa deitu dituzte larunbatean, otsailaren 9an, Gasteizen. Lehen Arreta Arnasberritzen plataforman bildutako profesionalek uste dute azken urteetan Osakidetzan gertatu diren murrizketen ondorioz, lehen arreta "kinka larrian" dagoela. Hortaz, egoera salatzeko, Osakidetzako langileak ez ezik, herritarrak ere deitu dituzte elkarretaratzera. 13:00etan hasiko da manifestazioa, eta Europa jauregitik abiatuko da.
Lehen Arretako profesionalek egunero bere lana egiteko dituzten "muga handiak" nabarmendu dituzte. Hori horrela, osasunean jarduteko denbora falta salatu dute, eta "gehiegizko" burokrazia ere kritikatu dute: "Azken urteetan, Lehen Arretaren, eta ondorioz, osasun sistema publiko osoaren etengabeko gainbehera jazo da. Gero eta handiagoak dira ospitale-arretan egiten diren inbertsioak eta, aldiz, Lehen Arretan gero eta gutxiago inbertitzen da. Osasunaren kudeaketa ospitalean zentratuta dago, eta Lehen Arreta ospitalearen menpe kokatu dela sentitzen dugu".
"Ihes egin dute profesionalek"
Gainera, langileen ordezkapenetan dituzten arazoak eta kontratu berrien "ezegonkortasuna eta prekarietatea" kritikatu ditu Lehen Arreta Arnasberritzen plataformak. "Duela hainbat urte ez dira profesionalen laneko bajak, oporrak edo jardunaldi murrizketak ordezkatzen. Ordezkapen falta hauek salatzen ditugunean medikuak falta direla esaten digute, baina benetan gertatzen ari dena da profesionalek beste herrialde batzuetara ihes egiten dutela, kontratu duinen faltagatik". Hala, plataformaren esanetan, Euskal Autonomia Erkidegoan, 2011 eta 2016 urteen artean, 1.000 medikutik gora gaitasun agiria eskatu dute atzerrian lan egiteko.
Hartara, hainbat aldarrikapen plazaratu dituzte Lehen Arretako langileek, eta horiek dira larunbateko manifestaziora eramango dituztenak. Batetik, Lehen Arretarako aurrekontua igotzea eskatzen dute, aurten %20 igotzea, eta 2021ean %25. Bestalde, giza baliabideen plan bat onartzeko exijitu dute, behin behineko langileen kontratuak hobetzeko eta laneko bajak, erretiroak, oporrak edo jardunaldi murrizketak kubritu ahal izateko.