Legez kontrako 60 zabortegi atzeman zituzten iaz Gasteizen

Erredakzioa 2019ko urt. 31a, 16:55
Udaltzainek herritarrei eskatu diete 092 zenbakira deitzeko mota horretako hondakindegirik aurkituz gero. /Gasteizko Udala

Hondakinak botatzearekin lotuta, 15 pertsona identifikatu dituzte.

Udaltzaingoak legez kontrako 60 zabortegi baino gehiago hauteman zituen 2018an Gasteizko menpeko toki erakundeetan. Egindako ikerketekin, udaltzainek 15 pertsona identifikatu dituzte hondakinak botatzearekin lotuta, eta Ingurumen Sailak dagokien dosier zigortzailea ireki die.

Zabortegi horietan mota guztietako hondakinak zeuden pilatuta: zaborra, komun-zatiak, etxetresna elektriko txikiak, altzariak, etab. Tokiei dagokionez, berriz, hondakindegiak Lasarten, Arangizen, Arinizen, Gamarra Nagusian, Uribarri Arratzun eta Zubigarain aurkitu dira, besteak beste, eta esan beharra dago Ingurumen Taldekoen eta Udaltzainen zaintza-lanei eta 092 zenbakiak jasotako herritarren deiei esker lortu dela horiek aurkitzea.

Zabortegien kokalekua zehaztu eta gero, Udaltzaingoak txostenak egin eta Nekazaritza Eremuaren Zerbitzuari bidali zizkion, zerbitzu horren ardura baita ukitutako guneak garbitzea eta berreskuratzea. Kasu batzuetan, legez kanpoko zabortegi horiek lokalizatu ondoren, eginbide judizialak izapidetu behar izan dira. Hala gertatu zen Lasarte inguruan, Zapardiel errekatik hurbil, osagai kutsagarridun hainbat lanpara fluoreszente aurkitu ondoren, batzuk hautsita.

2019a hasi denetik, beste alde batetik, Agirrelandako Ingurumen Taldeak zortzi txosten izapidetu ditu eta zabortegi horietako baten erantzulea identifikatu du.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide