Ahozko komunikazioaren ertzak landuko dituzte Eta ahoskera zer? jardunaldietan, otsailaren 14an, Artiumen. "Jardunaldi honen helburu behinena komunikazioa da: arauaren arduradunen, irakasleen, ikasleen, kazetarien... Azken batean, hizkuntzaren erabilera osasuntsua nahi eta behar dugunon arteko komunikazio ahalik eta onena", azaldu du Lourdes Oñederra Euskaltzaindiko Ahoskera batzordeko buruak.
Oñederraren ustez, hizkuntzari buruzko lan preskriptibo eta didaktikoetan ahozkoak eta, ahozkoaren barruan, ahoskerak leku berezia behar dute: "Baina ez bigarren mailakoa. Ahoskera ezin da gramatika bezala ikasi. Inportantea da denok gauzak ondo ulertzea eta, horretarako, elkarrekin hitz egitea bezalakorik ez dago. Euskaltzaindiak 1998an kaleratutako EBAZ araua (Euskara Batuaren ahoskera zaindua) argituz nahi genuke indartu. Eztabaidaren gunea bi ardatz gurutzatzen diren lekuan egongo da: euskararen estilo-mailak, batetik; euskalkiak eta batua, bestetik".
Euskaltzainak argitu du jardunaldian saiatuko direla "arazoei alderdi teorikotik eta praktikotik eusten", eta aurreratu du begiratu "lasterra" euskaraz gainerako hizkuntzekin gertatzen denari, "gure arazoa hizkuntzalaritzaren testuinguru orokorrean kokatzeko xedez".
Hitzaldiak
Hiru hitzaldi izango dira nagusi. Ahoskera arautu eta i(ra)kas al daiteke? hitzaldia eskainiko du Lourdes Oñederrak berak. Irakats al daiteke ahoskera? Eta aldagarritasuna? izango du goiburu Mª Heliodora Cuenca Villarin Sevillako Unibertsitateko irakasleak aurkeztuko duen hizketaldiak, eta Nola ikasi ahoskerak hitzaldia eskainiko du Julia Marin antzerki-itzultzaileak.
Ostean, zinema eta euskararen ahoskerari buruzko elkarrizketa egingo dio Euskaltzaindiko Ahoskera batzordeko kide Oroitz Jauregik Gorka Lazkano Errementari filmeko euskara arduradunari.
Jardunaldia zuzenean eskainiko da, streaming bidez, Euskaltzaindiaren Youtubeko atarian; 09:00etatik 13:45ra.
Izen-ematea otsailaren 12a bitarte izango da zabalik: info@euskaltzaindia.eus / +34 943 42 80 50.