Arin arin, jota, ezpata-dantza, aurreskua… dantza bakoitzak badu bere nortasuna, baina ez dirudi erraza denik nortasun horren aztarna betiko gauzatzea. Modua aurkitu dute, baina. Erakusketa aretoaren amaieran islatu dute prozesua, bideo proiektore handi baten bitartez. Jon Maya dantzaria agertzen da bertan, eta ariketa ikusgarria egiten ageri da irudiotan: dantzak "margotzen" dabil. Koadroak "dantzatzen" ari dela esan liteke ere. Dantza bakoitzaren izaeraren araberakoa da emaitza: itxura geometrikoak, urrats pausatuak edota aztarna zirkularrak. Zazpi dantza mota, guztira, eta zazpina emaitza artistiko ezberdin. Soka, euskal dantzaren urratsetan izeneko erakusketan ikus daiteke dantza eta arte plastikoak lotzen dituen esperientzia bitxia.
Ez da bakarra, inolaz ere: aspalditik herriak belardietan, plazetan edota erromerietan musikaren magalean sortutako mugimenduen katalogoa osatu dute erakusketan. Oihaneder Euskararen Etxean zabaldu dute joan den ostiralean, eta martxoaren 3ra arte zabalik egongo da.
Ipar Euskal Herriko EKE Euskal Kultur Erakundeak ekoiztu du Soka, publiko zabalari dantza hobeto ezagutarazteko helburuarekin. Ez da erakusketa berria, baina bai Gasteizera iristen den lehenengo aldia. Duela hiru urte Gipuzkoako Aldundiaren eta Donostia 2016 Fundazioaren laguntzarekin sortu zuten, eta orain arte ibilbide luzea egin du: Miarritzen estreinatu zuten, eta ondoren Baiona, Maule, Bordele, Paue, Donostia, Zarautz, Getxo, Iruñea edo Bilbo bezalako hirietan erakutsi dute. Gasteiz izan da, beraz, erakusketaren azken geltokia. "Iparraldean sortu erakusketa batek bere azken aurkezpena Gasteizen izaitea mugaz gaindiko elkarlan aberatsaren sinboloa" dela nabarmendu du EKEko zuzendari Pantxoa Etxegoinek erakusketaren aurkezpenean.
Ekarpen ugari
Lau hizkuntzatan jasota (euskara, gaztelera, frantsesa eta ingelesa), dantzaren munduari buruzko 400 irudi baino gehiago biltzen ditu erakusketak, baina ikus-entzuneko ugari ere eskaintzen du. Material hori guztia ekarpen askori esker jaso ahal izan dute, "Instituzioak, artxiboak, kultur eragileak adituak edota dantzari lotutako enpresak eta artistak", izan dira, Etxegoinen hitzetan. Baina ez da bide bakarra izan. "Anitz jendek eman dizkigu etxean gordeta zituzten euskarriak", azaldu du. "Zinez partaidetza handi baten fruitua da erakusketa hau".
Besteak beste, Robert Capa argazkilari ezagunak 1951n Saran ateratako bost argazkiren erreprodukzioak ere eskuratu dituzte, New Yorkeko Nazioarteko Argazkilaritza Zentroari esker, baina ez dira harribitxi bakarrak: Euskadiko Filmategiko altxor batzuk ere ikusteko parada izango dute bisitariek.
Erakusketa zabala izanda, nahi adina denbora eman daiteke bertan. 45 minutu edo hiru ordu izan daitezke, EKEko zuzendariaren arabera. "Konturatu gara erakusketara datorren jende askok gero bisita errepikatzen duela, dena ikusteko denbora adina izan ez duelako". Ez da arraroa, euskarri ugari erabili dituztelako. Adibidez, hiru dimentsiotan ateratako irudiak badira, eta horiek ikusteko 3D betaurrekoak ere. Formatu handiko telebistetan dokumentalak ikusgai daude, eta elkarrekintzarako deia zabaltzen duten ukipen-pantaila ugari ere banatuta daude 150 metro koadro inguru dituen aretoan.
Lehen elkarlana
Oihanederreko kultur kudeatzaile Iker Duranak diziplinaren garrantzia nabarmendu du; dantza euskal kulturan "oso sustraitua" dagoela dio. Euskararen Etxeko programazioan dantzak hasieratik presentzia nabarmena izan duela gogoratu du Duranak. Oihaneder Euskararen Etxea eta EKE elkarlanean aritzen diren lehen aldia da hau, baina oraingo elkarlan luze baten hasiera izatea espero dute bi erakundeetako buruek.
Erakusketaz gain, bi ekintza osagarri antolatu dituzte gaiaren bueltan. Otsailaren 6an Oier Araolaza dantzari eta antropologoak bisita gidatua egingo du, erakusketaren nondik-norakoak azaltzeko. Otsailaren 22an berriz bueltatuko da Araolaza, oraingoan Gari Otamendirekin batera. Egun horretan, Korrotik pikutara: Euskal dantzaren historia bat dantzaren bidez kontatua izenburuko hitzaldi dantzatua eskainiko dute.
Erakusketa bera baino harago doa proiektua, eta soka.eus webgunean ere kontsulta daitezke dokumentu gehigarriak, hala nola bideoak, biografiak edota argazkiak.
Roger Goienetxe koreografoak, Xabier Itzaina CNRSeko ikertzaileak eta Oier Araolaza antropologoak osatu dute erakusketaren batzorde zientifikoa, eta Thierry Truffaut antropologoa ere izan dute aholkulari lanetan.