Gasteizko emakumeen historia berreskuratzen dabiltza

Mirian Biteri 2019ko urt. 28a, 20:22

Bi ordu inguruko iraupena duen ibilbide baten bidez, garai ezberdinetako hainbat emakume gasteiztarren bizipenak azaltzen zaizkie ikasleei zein heldu taldeei.

Candida Lloldi, Daria Imbert, Pilar Alonso Ibañez edo Berenguela Lopez de Haro. Gasteiztar gehienek ez dute jakingo esaten nortzuk diren. Gizonezkoen izenak historian izandako bilakaeragatik edo, zenbait kasutan, kaleko izendegietan soilik agertzen direlako ezagunak egiten diren bitartean, hiriko historian zehar rol ezberdinak baina kasu guztietan gizonezkoetan bezain garrantzitsuak bete dituzten emakumeenak, berriz, isilpean daude.

Erdi arotik xx. mendera bitarteko Gasteizko hainbat emakume gogorarazten ditu ibilbideak

Anonimotasunetik publikora ateratzeko asmoz, Ikusarazi beharreko historia: emakumeak Gasteizen izeneko ibilbide berria eskaintzen hasi da Gasteizko Udala, Hezkuntza zerbitzuko Gasteiz, hiri hezitzailea programaren bitartez.  Hasieran, Bigarren Hezkuntzako, Batxilergo eta Lanbide Heziketako eta unibertsitateko ikasleei zuzenduta badago ere, interesa izan dezaketen bestelako heldu taldeek ere egin dezakete bisita. Pasa den astean, esaterako, Judimendiko adinekoentzako zentro soziokulturaleko talde batek parte hartu zuen.

Alde zaharrean eta zabalgunean

Ikusmin handiz agertu zen taldea Andre Mari Zuriaren plazan. Zain zuten ordurako Enklabe enpresako Maitane Jimenez. Bi ordu pasatxotan, alde zaharretik zein hiriko zabalgunetik ibili ziren, zenbait leku eta eraikin esanguratsuren parean 16 geldiune eginez. Izen eta abizeneko emakume zehatzei buruzko bizpahiru datu jaso zituzten; besteak beste, Erdi Aroko Berenguela Lopez de Haro edo Maria de Mendoza, XVI. eta XVII. mende arteko Victoria de Anda eta Esquibel, XIX. mendeko Elvira Zulueta eta XX. mendeko Micaela Portilla ikerlaria edo Jesusen Mirabeen fundatzaile Maria Josefa Sancho Guerraren bizipenak azaldu zizkien gidariak.

Alde zaharretik zein hiriko zabalgunetik burutzen da ibilbidea. | M.BITERI

Baina baita seme-alabak aurrera ateratzeko askotariko ogibideak zituzten emakumeei edo komentua "askatasun" esparru gisa ikusten zuten andre anonimoei buruzko zenbait zertzelada ere. Gustura entzun zituzten Jimenezen hitzak, beraien ezagutza propioak gainerakoei ezagutarazten eta zituzten zalantzak argitzen saiatu ziren bitartean. Alde Zaharretik eta Zabalgunetik ibili ostean, hasitako toki berean eman zioten amaiera bisita gidatuari; hain justu ere, Andre Maria Zuriaren plazan.

Desorekak "berdintzeko" saiakera

Enklabe enpresa arduratu da ibilbideez; ondare historiko, artistiko eta arkeologikoaren alorrean diharduen kooperatiba da hori. Bertako Ismael Garciak izan du ibilbidearen nondik norakoak zehazteko ardura. Horren harira, honakoa azaldu du: "Garai historiko eta profil ezberdinetako emakumeekin egin dugu, dagoeneko sortuta dagoen material bibliografikoarekin. Egia esan, zailtasunak izan ditugu desoreka handia dagoelako: batetik, nobleziarekin lotutako emakumeak baino ez daudelako jasota; gizartearen %2a gehienez. Eta bestetik, emakume horiek ez direlako ezagunak beraiek egindako zerbaitengatik; noren alaba edo ama diren edo norekin dauden ezkonduta delako garai hartan inporta zena. Horrez gain, estereotipo matxistak ere topatu ditugu". Egoera horren aurrean, ibilbidea egiterakoan desoreka horiek guztiak "berdintzen" saiatu direla gaineratu du Garciak.

Noblezia eta erlijioarekin lotutakoez gain, emakume ikerlariak eta anonimoak ere badaude

Horrekin lotuta, gogoratu du kontuan izan behar dela sei direla ibilbide didaktiko hauen helburuak: lehenik eta behin, Gasteizko historian emakumeek izandako zeregina ikustaraztea eta aldarrikatzea; andre horiek bertako historiari egin dioten ekarpena aitortzea eta historiaren irakurketa hobetzen laguntzea; emakumeak non eta nola bizi ziren ezagutaraztea, eta baita zer lan eta ardura zituzten ezagutzera ematea ere; historian izan duten parte-hartzea testuinguruan jartzea; eta azkenik, ikasleen eta parte-hartzaileen artean pentsamendu kritikoa sustatzea, historiak ahaztutako emakumeen errealitateen aurrean

Denera, 92 hitzordu

Lehenengo bisita pasa den abenduaren 18an egin zuten eta azkena maiatzaren 30ean izango da. Udaleko Hezkuntza zerbitzutik azaldu dute orain arte, 70 ikastetxek eta heldu-taldek eman dutela izena. Batzuk azpitaldetan banatuta egongo direnez, oraingoz, denera, 92 ibilbide dituzte lotuta. Horietatik, 48 euskaraz egitea dute aurreikusita; eta gainerako 44ak, gaztelaniaz.

Bisita egiteko interesa dutenek aukera izan dezakete oraindik. Udal zerbitzuarekin jarri behar dira harremanetan, eta lekurik egonez gero, parte hartu ahal izango dute. Bada emakumeak dagokien tokian jartzeko ordua.

Horra hor ibilbidean jorratutako hiru adibide:

Berenguela Lopez de Haro - Erdi Aroko buruzagia

Berenguela Lopez de Harori buruzko oso datu gutxi badaude ere, jakinekoa da bere garaian Gasteizko pertsonarik boteretsuena izan zela. Bizkaiko Jaurerrikoa zen, Diego Lopez de Haroren alaba, eta Gasteizen Haro familiako ordezkaria.

Politikoki boterea izateaz gain, aberatsa ere bazen, eta besteak beste, XX. mendera arte San Frantziskoko aldapa eta Posta kale artean egon zen San Frantziskoko komentuko elizako lanak finantzatu zituen; bertan izan zen lurperatua haren gorpua.

XVI. eta XVII. mendean ez bezala, Erdi Aroan botere asko izan zuten emakumeak zeuden, eta horietako bat izan zen XIII. mendean bizi izandako Berenguela Lopez de Haro. Garai hartan, gainera, une gorenean zegoen Gasteiz, hiriak hedapen handia izan baitzuen.

Maria del Pilar Acedo eta Sarria - Monterhermoso markesa

Montehermosoko markesa eta Etxauz eta Vadoko kondesa izan zen Maria del Pilar Acedo Sarria (Tolosa, 1784-Frantzia, 1869). Gasteiz eta Aranjuez artean hezitakoa, Espainia eta Frantziako nobleziarekin harreman estua izan zuen eta oso pertsona jantzia zen; tartean, euskara, ingelesa, frantsesa eta italiarra hitz egiten zituen eta musika, literatura eta pintura ezagutzak ere bazituen.

Dena dela, ezaguna da Espainiako errege izandako Jose Bonaparteren maitalea izan omen zelako, eta Montehermosoko markes Ortuño de Agirrerekin ezkonduta zegoelako.

Ibilbidean estereotipoekin apurtu nahi izan da kasu honetan; azpikerian ibili zen emakumea aurkeztu beharrean, diplomazian izandako garrantzia nabarmendu da.

Candida Lloldi - Txatar-biltzailea

Candida Lloldi txatar-biltzailea Pilar Alonso Ibañez etnografoak eta idazleak idatzitako Las mujeres de mi barrio. Desde Portal de Arriaga hasta la Cuesta de Santa Maria izeneko liburuan agertzen den emakume bat da.

Haur bat baino ez zela, gerraosteko Gasteizen bizi izandako hainbat andre anonimoren bizipenak jaso izan ditu Alonso Ibañezek argitalpen horretan; Santa Maria katedralaren inguruko Portalon edo Anda dorrea bezalako eraikinetan bizi ziren eta seme-alabak aurrera ateratzeko askotariko lanak zituzten. Tartean, Candi zapataria, Adelaida esne-saltzailea, prakak konpontzen zituen Maria, Rosa odoloste-saltzailea edo Candida bera zeuden. Azken hau etxez etxe joaten zen haurtxoen orga batekin objektuak jasotzen eta erosten, gero saltzeko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide