Bouchra eta semea kaleratu dituzte

Erredakzioa 2019ko urtarrilaren 23a

San Antonio kaleko udal bulegoen aurrean salatu dute Bouchra eta semearen egoera. / HALA BEDI

Indarkeria matxistaren biktima den eta epilepsia duen emakumezko bat etxetik bota dute Gasteizen, zazpi urteko semearekin batera. Kaleratzeak Stop Arabak ardura gabe jokatu izana egotzi dio Udalari.

Atzo eguerdiko ordu batean gerturatu dira Udaltzaingoko eta Ertzaintzako agenteak Gasteizko Alde Zaharreko Pintore kalera, Bouchra izeneko emakumeak eta haren zazpi urteko semeak etxea utzi behar zutela zioen aginduarekin. Iritsi direnerako, baina, poliziek hutsik aurkitu dute etxebizitza, emakumeak ordubete lehenago pisuko giltzak entregatuta zituelako.

Bouchrak sei urte zeramatzan bertan bizitzen, baina jabeak ez dio alokairua berritu nahi izan, hilabetero ordaintzen zion arren. Etxeko berokuntza ere aspaldi apurtuta zuela salatu du Kaleratzeak Stop Araba elkarteak, baina jabeak ez omen zion erantzuten emakumeak egindako deiei.
Udal aterpera jo behar izan dute bertan gaua pasatzeko. Indarkeria matxistaren biktima da emakumea, eta ez du jasotzen bikotekide ohiak eman behar zion diru-laguntza. Horrez gain, Bouchrak epilepsia duela azaldu dute.

Kaleratzeen kontrako elkarteko  kide Arturo Val del Olmoren esanetan, Etxebidek esan die halako kalteberatasun kasuetarako aurreikusita dagoen protokoloaren ezaugarri guztiak betetzen dituela kaleratutako emakumeak, baina, halere, oraindik ez dutela etxebizitzarik berari eskaintzeko.

Emakumea Harrera Sozialerako Udal Zentrora bideratu dutela azaldu dute, baina azpiegitura hori ume bat artatzeko modukoa ez dela iritzi diote elkartekoek. Gasteizko Udalak halako larrialdi egoeratarako etxebizitzak prest izan beharko lituzkeela babestu dute elkartekoek. Modu berean, zerbitzu sozialek afera honetan erakutsi duten "pasibotasuna" salatu nahi izan dute. Udalak udal zerbitzuetara jotzea baino ez diola eskaini salatu du Val del Olmok."Kaleratua izanez gero, maletarekin San Antonio kaleko udal larrialdi zerbitzuetara jotzeko esan zidaten", kexu mintzo da Bouchra.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago