Elkarretaratzea deitu du Auzoan Autobiderik Ez! plataforma sortu berriak urtarrilaren 25ean, 18:00etan, Nazio Batuak etorbideko 27. zenbakian. Zabalganeko eskola elkarteak sortu du plataforma, "arriskutsuak diren auzoko bideak oinezkoentzako seguruak bihurtzeko" helburuarekin. Azken istripu larria iragan urtarrilaren 18an jazo zen. Plataformak gogoratu duen bezala, egun horretan kotxe batek institutura zihoan hamalau urteko neska bat harrapatu zuen, Nazio Batuak etorbideko 27. zenbakiko zebrabidean, eta larri zauritu zuen.
Plataformak deialdia iragartzeko banatu duen esku-orrian azaldu duenez, Nazio Batuak hiribidea auzoa zeharkatzen duen "autobideetako" bat da. "Jundizerako bidean, langile askok abiadura handiz igarotzen dute, oinezkoentzako suposatzen duen arriskua kontutan izan gabe. Ugariak dira orain arte gertatutako istripuak, bai errepide honetan, bai auzoko antzerakoetan". Auzokideek salatu dutenez, nahiz eta kexa ugari aurkeztu dituzten, Udalak ez die kasurik egin.
Momentuz auzoko hainbat guraso elkarte eta irakasleen klaustroak bildu dira plataformara.